Ikasturte honetan nabaria da Urumea ikastola ospakizunetan dela, egindako ekitaldi guztiek halako ikutu berezi bat izan baitute. Azkena Iñude eta Artzaien konpartsan ikusi zen, Musika Bandarekin elkarlanean egin baitzuten azken emanaldia, Gudarien plazan. Izan ere, 21 urte badira Iñude eta Artzaien konpartsa egiten dela, baina ez hori bakarrik, ikastolak berak, 50 bete ditu aurten, eta ikasturte osoan gogoratuko dute beren sorrera.
‘Enseñanzas Urumea S.A.’ 51 akzionistako sozietatea
Hiru euskaltzale sutsuri esker sortu zen Urumea ikastola: Juanito Goia, Iñaki Guruzeaga eta Joxe Larrañaga. Lokalak erosteko akzionistak, hilero dirua emango zuten bazkideak... lokalak bilatu, ikasgelak txukundu, irakasleak lortu... lehenengo pausuak 1961ean eman ziren, eta ofizialki 1963an sortu zuten sozietate anonimo bezala Enseñanzas Urumea S.A., euskeraz ezin baitzen elkarterik erregistratu.
Urumea ikastolako arduradunek hala adierazi diote Kronikari: «Guztira 51 akzionistako sozietatea zen, eta helburua: euskara eta euskal kultura berreskuratzea eta zabaltzea; eskola aurrerakoia eta kalitatezkoa. Orduan hasi eta gaur arte mantendu ditu Urumeak helburu horiek».
Javier Valle de Lersundi, lehenengo lehendakaria
Frankismo garaia zen, eta berez ez zegoen euskeraz erakusterik. Hargatik, erdi ezkutuan hasi ziren lanean, klandestinitatean. «Urte zail haietan Javier Valle de Lersundi izan zen lehendakaria eta Iñaki Guruzeaga idazkaria. Batzordea beti zen gertu: Joxe Laburu, Joxe Elizegi, Jose Luis Zubillaga, Rafael Esnaola...», diote arduradunek.
Santo Tomas Lizeoarekin harreman zuzena zutenez, bilerak oso maiz egiten ziren, eta Urumea ibai bazterreko lokal batzuetan biltzen ziren. Hortik sortu omen zen Urumea izena jartzea.
Maritxu Mariezkurrena, Erasundik Hernanira
Gerora urtetan eta urtetan zuzendaria izan zena erasundarra zen: Maritxu Mariezkurrena. Hala adierazi diote Kronikari: «Elbira Zipitria udaran Erasunera joaten zen, eta han ezagutu zuen Maritxu. Aranalde eta Elbira izan ziren hiru sortzaileei esan zienak, joateko Erasunera Maritxuren bila». Mariezkurrenak urtebete egin zuen praktiketan, Elbira Zipitriarekin. Hasiera hartan, irakasleen artean harreman haundia omen zen, euskeraz materialik ez zegoelako, eta ordura arte erakusteko moduak aldatu egin nahi zirelako.
Materialik ez, eta materiala sortzeko hainbat modu bilatu behar izan zituzten andereñoek. Etxeetan egon zitezkeen euskerazko idatziak, erderaz zegoena euskeratu, materiala sortu... Dena euskera hutsean ematen zen. Hasieran euskalkiak, eta gero euskera batua. Garai hartako ikasliburu batzuk: Poxpolin ume-kantak, Xabiertxo, Umetxoak, Pinto, Txuri eta Gorri eta Kikirriki...
70 ikaslerekin hasi, eta 1977an 872 ikasle
1962an, oraindik izenik eta lokalik gabe zirela, arratsaldez 70 umerekin elkartzen ziren, luistarren lokaletan. Urtebete beranduago, Oarso 3ko lokala txukunduta, han hasi ziren 86 neska-mutiko,
4-7 urte artekoak. Legalizazioa 1966-67 ikasturtean iritsi zen, eta orduan beste bi gela egin ziren Oarsoko goiko pixuan. Oarso 2an beste lokal bat, Elkano 17an beste bi, orduko institutuko gela bat, beste bat, Atsegindegin bi gela, Lizeagan sei... Horrela joan zen etengabe hazitzen Urumea, eta 1977an 872 ikasle zituen eta 30 irakasle.
Ondorengo urteetan ere mugimendu haundia izan zen ikastola munduan, eta Hernanin beste bi ikastola sortu ziren: Langile lehenengo eta Elizatxo gero, 1988an. Geroztik, 1994an ikastola publifikatu egin zen, eta Euskal Eskola Publikoaren sarean integratu. Gaur egun 500 ikasle inguru ditu Urumeak.
Euskal kulturarekin lotura
Euskal kultura eta ohiturei garrantzia haundia eman izan dio beti Urumeak. Adibidez, Urumeatik paseak dira klaseak ematera Benito Lertxundi, Joxean Lizarribar, Jose Mari Gabiria, Xabier Lete, Lurdes Iriondo... Bereziki sona haundia izaten zuen Galarretako jaialdiak, 1969an hasi eta 2001era arte segi zuenak. Euskal kultura, folklorea, ohiturak zabaltzea eta familian eta lagun giroan ospatzea zen asmoa. Hasiera hartan euskaltzale asko hurbiltzen zen; Bilbotik ere bizpahiru autobus etortzen ziren gazte jendearekin.