Epeleko baso eta errekan barrena, natura eta arbasoen historia ezagutuz

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 2a, 01:00

Hernaniko Ibilbide Sareak proposatzen dituen 11 ibilbideetatik seigarrena da Epelekoa. Bi orduren bueltan egiteko 8,6 km-tako ibilbide zirkularra da: Irubide jatetxean hasi eta bukatzen da. Bertan, Epeleko erreka eta basoaz gain, Akola inguruko megalitoak ezagutuko ditugu.

Marka txuri-horiek eraku­tsiko digute bidea. Epele auzoko Irubide jatetxean hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek 8,6 km ditu, bi ordu eta ordu laurden behar da osorik egiteko, eta 490 metroko desnibela du.
Hernani, Astigarraga eta Donostia arteko mugetan barrena, aukera izango dugu ondare garrantzitsuak ezagu­tzeko: hala nola, erreka-ertzetatik kanpora dauden haltzak, desa­gertzeko arriskuan dauden animalien habitata edota mul­tzo megalitikoak.

Epele erreka eta basoa
Hernani eta Astigarraga arteko mugetatik doan erreka da Epele erreka. Kalitate altuko ura du, eta, inguruan, Herna­niko baso garrantzitsuenetako bat. Aiako Harriaren barruan kokatzen da baso hau, eta berezia da oso. Izan ere, Eu­ropa osoan arraroa bada ere, hemen haltzadiak aurkitu daitezke erreka-ertzetatik kanpo.

Trikuharriak eta 2 artamugarri ikusiko ditugu ibilbidean zehar.

Horri guztiari esker, me­hatxupean dauden animalia askorentzako kontserbazio gune garrantzitsua da inguru hau. Bertan aurkitu daitezke, adibidez, ur-satorra, bisoi europarra edota izokina.


Arbasoen markak
Ibilbideak, bestalde, Igorin-Akolako estazio megalitikoa eta artamugarriak ezagutzeko aukera ematen digu.
Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan banatuta dago Igorin-Akolako estazio megalitikoa, eta Hernanin 7 tri­kuharri daude. Kultur On­dasun izendatuta daude, eta horietan ondoren kontserbatu dena da Sagastietako Lepoa I izenekoa.
Akola eta Larregaingo lu­rretan, bestalde, saroien er­dialdea adierazten zuten ha­rriak, artamugarriak, ikusiko ditugu.

 

Ibilbidearen nondik-norakoak

Ibilbideak 8,6 km ditu, ordu bete eta laurden behar da egiteko, eta 490 metroko desnibela du. Marka txuri-horiz seinalizatuta dago, bere osotasunean. PR-Gi 1002 izenarekin balizatuta dago, eta track hau du GPSan: UTM ED50 30T X=585622 Y=4789609

0.- 0km - 0h 0m - Epele: Ibilbidea Irubide jatetxean hasiko dugu. Asfaltozko bidea hartu baina igo gabe, eta Epelerrekako bailaran sartuko gara. Baserriak pasa eta basoan sartuta, bideak ezkerretara egiten duenean pista utziko dugu.

  1.  0,7km - 0h 08m - Desbi­de­ra­keta: Aiako Harria Parkean sartugo gara harri txintxarrezko bidetik. Zubia zeharkatu errekaren eskubira pasatzeko, eta 100 metrora, pista utzi eta eskubira ateratzen den harrizko pista hartu, gorantz.
  2.  1,5km - 0h 18m - Desbide­ra­keta: Eskubira ateratzen den bidea hartu. Basoan sartu eta 10 minutura argigune batera iritsiko gara, tranpa kanadar batetik.
  3. 2,1km - 0h 30m - Tranpa kanadarra: Elektrizitate dorrearen ondoan gora doan bidea hartu eta bidegurutzean ezkerrera egin. Hortik Igoraingo lepora iritsi arteko bidegurutzeetan eskubira hartu.
  4. 3,7km - 1h 00m - Igorain­go lepoa: Hemen tranpa kanadar bat aurkituko dugu, eta pista utzita, hesiaren ondotik doan eskubideko bidezidorra hartu.
  5.  4,1km - 1h 05m - Pista: Hesia bukatzean aurkituko dugun pista zeharkatu, eta aldapa gora jarraitu bidezidorretik. Harri zati haundiek osatutako igoeraren ondoren, mendi gainetik jarrai­tzen du bideak.
  6.  4,8km - 1h 20m - Akolako lepoa: Norabide berdinetik, igoera gogorra dugu Akolatxaraino. Hemendik behera egingo dugu hurrengo leporaino.
  7.  5,6km - 1h 35m - Saratze­tako lepoa: Linea elektrikora iri­tsi gabe, Sagastietako Lepoa trikuharriaren ezkerretara aldapa behera hartu. Baso bat zeharkatu eta tranpa kanadarra pasata Akolako aparkalekura iritsiko gara.
  8. 6,4km - 1h 45m - Akolako aparkalekua: Aurrera doan zementuzko pista hartu, eta bidegurutzean eskubira egin Larregain sagardotegiraino.
  9.  7,5km - 2h 00m - Larre­gain: Hemen asfaltozko bidean sartu eta behera joko dugu. 10 minutu aldapa behera eginda, asfaltozko bidea utziko dugu linea elektrikoa aurkitzean.
  10.  8,2km - 2h 10m - Poste elektrikoa: Linea elektriko baten azpitik doan eta aldapa behera egiten duen bidezidorra hartuko dugu. Bidezidor hau jarraituta, Epele auzoko Irubide jatetxera iritsiko gara: ibilbidearen abiapuntura eta amaierara.

Nondik hasi?
Ibilbidea Hernaniko Epele auzoan hasten da, Irubide jatetxean. Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 3,7 kilometroan dago puntu hau.
Kontuan hartu, bestalde, ehiza garaian kontu haundiz ibili behar dela Akola-Igorin mendi lerroaren inguruan dauden ehiza-postuen ondotik pasatzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!