Emakumeen eguna da martxoaren 8a, eta Hernanin ia egunero antolatu dituzte ekitaldiak, egun hori ospatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatu nahian. Gaur asanblada, prentsaurrekoa eta argazkia antolatu dituzte; eta datozen egunetan ere, izango dira ekitaldiak. Bestalde, prentsa ohar bat ere bidali dute, egunaren harira.
Asanblada eta taldeko argazkia, gaur
Asanblada feminista deitu dute gaur Biterin 19:00etan. Aurreko asanbladan ateratako ideiak landu eta datozen hilabeteetako ekintzak proposatuko dira bertan. Martxoaren 8a dela eta, prentsaurrekoa ere emango dute gaur Biterin, 19:30etan. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute animatzen diren herritarrekin.
Bi emanaldi, bihar
Biharko bi emanaldiak ere, Biterin izango dira, 19:00etan. Begiratu eta ikusi ez emanaldia lehendabizi eta Miren Gaztañagaren Stereo ikuskizuna ondoren.
`Ez da kasualitatea´ ikusteko sarrerak, eskuragai
Ostiralean Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu dute Biterin baita ere. Lau emakume ariko dira bertsotan: Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Eli Pagola eta Ainhoa Agirrezabala. Saxoarekin Eneko Sierra ariko da eta kitarrarekin Ixaak Arruti. Sarrera debalde da baina aforoa mugatua denez, aldez aurretik jasotzea komeni da. Ostiralean Plaza Feministan (10:00-14:00) eta Biterin (17:00-19:00) jarriko dituzte eskuragarri . yy
«Beste garai batzuetakotzat genituen lemak berreskuratu behar izan ditugu»
«Aldarrikapena, aliantzak, festa eta elkar topatzea dira martxoaren 8ko ingredienteak, emakume eta feministentzako data garrantzitsua» hitzekin hasten dute Hernaniko Bilgune Feministako kideek, Kronikara bidalitako prentsa oharra. Aurten atzean utzi zituzten lemak berreskuratu behar izan dituztela diote oharrean, abortuaren lege proiektua dela eta: «1985eko legea baino murritzaileagoa da. Larriena, delitutzat jotzea eta zigor kodean mantetzea. Muturreko eskuin katolikoek, emakumeen abortatzeko eskubidea ukatzeaz gain, ikastetxe eta hezkuntza curriculumetan ez dituzte onartzen sexu-heziketa eta berdintasuna. Legeak diru ahalmen gutxikoei egiten die kalte».
Egoera horren aurrean desobedientzia egitea eskatu dute oharrean: «emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenei desobedientzia egitea eskatzen dugu. Gure territorioan aske, libre bizi nahi dugu! Etorri gurekin herrian antolatzen ari diren ekintzetara eta larunbateko Marijiara».