«Guretzako sekulakoa izan da aterpe hau egin izana; oso pozik gaude»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 1a, 01:00

Epeleko aterpea otsailaren 15ean inauguratu zuten eta auzotarrak txoratzen eta po­zez zeuden egindako lanaren emai­tza ikusita. Horien artean, Julian Urkiola: «Guretzako sekulakoa izan da aterpe hau egin izana; oso pozik gaude», zioen.  «Lehen ez genuen non elkartu. Adibidez, urtero festa antolatzen dugu auzoan, Santu Epele ospatuz, eta inbernadero moduko bat jarri behar izaten genuen. Hiru egunetarako jarri, eta gero berriz kendu. Alde horretatik bakarrik, asko irabazi dugu. Horrez gain, Umeentzako ere oso ondo etorriko da eta baita mendi buelta bat egitetik datozenentzat ere».
Aterpe hau, auzolanean egin dute Epeleko auzotarrek. Materiala Ereñotzuko Auzo Udalak jarri du eta eskulana, ber­tako herritarrek. Ibai Kerejeta arkitektoak eta Jabier Goñi Hernaniko Udal teknikariak ere lagundu dute lanak burutzeko garaian. Horrez gain, Electroquímica de Her­na­nik eta Kem Onek egindako diru ekarpenak aurrekontua arintzen lagundu du.

Lau hilabeteko lana
Urkiolak azaldu du irailean hasi zirela aterpea egiten eta berez, lau bat hilabeterako bukatua zutela. «Azken hilabeteetan geldirik egon da, eguraldiaren eraginez ezin baitziren azken txukunketak egin».  Lanean nola aritu di­ren galdetuta, honakoa azaldu du: «Batez ere, asteburuetan elkartzen ginen gehien; ostiral arratsaldetik igandera, gelditu ere egin gabe. 20 bat lagun elkartu izan gara. Ehiza garaiak izorratu zigun pixkat bat», dio barrez.

Denen artean erabakia
Lehen umeentzako parkea zegoen lekuan egin dute aterpea, baina parkea mantendu egin dute, aldamenean. Gainera, bi kulunpio ere jarri dituzte aterpe barruan. Aterpea maldan gora gera­tzen da eta bertara joateko bide bat egin dute. «Gur­pil­dun aulkian bertaraino joateko aukera dago horrela. Hori kontuan hartzea garrantzi­tsua iruditu zaigu, gutako asko modu horretan ibili beharrean izango baikara laster», dio Urkiolak. Epelen, 120 bat lagun bizi dira egun. Umeak, 6 inguru omen dira.
Aterpea egurrezkoa da oinarrian, 6 hanka ditu eta teilatua. Ez du paretarik, irekia da. 140 m2-ko azalera du, gutxi gorabehera. Denen artean adostu zutela azaldu du Urkiolak: «Auzotarron artean erabaki genuen nolako aterpea nahi genuen eta gero, Ibai Kerejeta arkitektoak gauzatu zuen proiektua. Egia esan, proposatu ziguna ez zen hasieran guk genuen ideia, baina hobeto geratzen zela ikusi genuen eta oso gustora geratu gara emaitzarekin».

Balio berezia
Auzolanean egina izateak badu bere balioa Urkiola­ren­tzat eta beste auzotarrentzat. Oso harro daude eta gainerako auzo eta herriak ere animatu nahi dituzte horrelako ekimenak aurrera eramatera: «Eta nahi baldin badute, hemendik ere pasa daitezke, ideia har­tzera edo argazkiak atera­tzera!».

Auzo Udala ere, pozik
Imanol Lizeaga auzo alkateak ere pozez hitz egin zuen: «Epelek, beharrezkoa zuen bilgune bat du orain. Gainera auzoak berak egin du eta horrek balore haundia du. Itxura aldetik ere, oso ederra dela iruditzen zait», azaldu zion inaugurazio egunean Kronikari. Eta gaineratu zuen: «Proiektu honek erakusten du aurrekontu murritz batekin horrelako moduko ekimenak egin daitezkeela. Hori dena, auzolanari eskerrak. Horrez gain, horrelako ekimenek lankidetza bultzatu eta giroa sor­tzen dute auzoan eta oso garrantzitsuak dira».
Ez da aurreneko aldia Epelen edota Ereñotzun auzolanean zerbait egiten dela. Lehendik ere makina bat gauza eginak dira, eta hau izan da lan potoloen artean, azkena. Baina oraingoz. Izan ere, bide horretan lanean jarraitzeko asmoa du Ereñotzuko Auzo Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!