uztailean hala erabakita, atez ateko zabor bilketa jarriko da martxan Hernanin, udaberritik aurrera. Ostegunean Marian Beitialarrrangoitia alkateak, Oiartzungo alkatearekin batera Usurbilen adierazi zuen publikoki, Usurbilgo azken hilabeteetako emaitzei erreparatuta. Asteazkenean emandako datuen arabera, zaborren %80 baino gehiago birziklatzea lortu dute atez ateko zabor bilketa ezarriz geroztik Usurbilen. Hori da, hain zuzen, Hernanin lortu nahi dutena, sistema bera ezarrita.
Kostuak ezagutu beharra
Ostegunean Zerbitzu Publikoetako Batzordea bildu zen eta bertan Udal Gobernu Taldeak jarriko den sistemaren berri eman zien beste alderdietako ordezkariei. Oraindik datu zehatzik ez duten arren (zenbat kostako den esate baterako), Usurbilgoari erreparatuta, adierazi zuten, atez ateko sistema jartzeko aurreikusi duten kostua «ez da gaur egungoa baino haundiagoa izango». Eta datu zehatzak lortu bezain pronto emango dituzte.
Materia organikoarentzako tratamendu planta behar da
Tartean kontu asko daude zehazteko, esate baterako, materia organikoarentzako tratamendu planta bat egin beharko dela aurreikusi dute. Horretarako, San Markoseko Mankomunitatearekin hitz egiten ari dira, itxura guztien arabera hura prest bailegoke orain duten makinaria planta horretan jartzeko.
Kokalekua da beste kuestio bat; printzipioz Usurbil prest legoke planta bere lurretan egiteko, berak eta beste herriek erabiltzeko. Horrelako kontuak aztertzen ari dira, sistema jarria duten eta jarriko duten herriak.
«Erosoa eta ingurunearentzat mesedegarria»
Alkateak adierazi zuenez, «gaur egun ez dago zaborrak gestionatzeko sistemarik atez atekoak bezain emaitza onak dituenik».
Alkatearen esanetan ikusi beharko da nola jarri sistema Hernanin, kontuan izanda herriaren ezaugarriak, baina sistema «erraza eta erosoa da eta sortu ditzakeen eragozpenak eta esfortzua txikiak izango dira osasunari eta inguruneari egingo zaion mesedearen aldean».
Telefonoz deituko dute irailaren bukaeratik aurrera
Hilaren bukaeratik aurrera hainbat etxetara deituko dute sistemaren berri emateko jendeari eta sistemaren inguruko iritzia eskatzeko. Urritik aurrera bilerak egitea ere aurreikusi dute jendeak sistema ezagutu dezan eta parte hartu dezan. Bilerak irekiak izango dira eta informazioa eman eta jendearen iritziak jasoko dituzte.
Hamaikabat-en iritziz, Udala ausartegi jokatzen ari da
hamaikabat alderdiko Iñaki Arratibel zinegotziaren ustez, udal gobernu taldea «ausartegi» jokatzen ari da atez ateko zabor bilketa ezarrita. Kronikara bidalitako prentsa oharrean salatu du hondakinak kudeatzeko sistema berria onartu izana, jakin gabe zenbat kostako den, azpiegitura non kokatuko den eta jende asko den guneetan hondakinak nola bilduko diren.
«Ezin da inprobisatu» Arratibelen esanetan, hondakinak gestionatzeko garaian, «ezin da inprobisatzen ibili». Salatzen du udal gobernu taldeak ez duela zehaztu non jarriko dituen zintzilikarioak bizilagunek beren kuboak jartzeko. Zehazten du arazo haundia izango dela zaborra jasotzea jende asko bizi den lekuetan, esate baterako, Kaxkoan.
Hondakinen planta non jarri Arratibelen esanetan, beste arazo haundia izango da azpiegiturak non jarri; galdetzen du non kokatuko den hondakin organikoak tratatzeko planta, «eta nora eramango dituzte birziklatu ezin diren hondakinak? Zabortegi bat jartzeko lekua bilatu beharko dugu?»
5garren zaborrontzia Zinegotziaren esanetan, udalak eraginkorrak diren beste bilketa sistema batzuk, esate baterako materia organikoarentzat beste zaborrontzi bat jartzea, alde batera utzi ditu. Bere esanetan, hondakinak kudeatzeko ez dira bat-bateko ideiak behar, irtenbideak baizik. Eta horretarako beharrezkoa da datu guztiak mahai gainean jartzea eta ahal den akordiorik haundiena lortzea, hain zuzen, udal gobernu taldeak, Ezker Batuaren laguntzarekin, egin duenaren aurkakoa.