Lodosako eta trinketeko torneotan izango dira Hernaniko pelotariak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 19a, 02:00

Ioritz Arrieta eta Eñaut Esnaola pelotari hernaniarrek hitzordu garrantzitsuak di­tuz­te asteburu honetan. Arrie­tak Lodosako torneoko finala jokatuko du gaur. Bihar berriz, Trinketeko torneoa hasiko da, eta Esnaola pelotari hernaniarrak hartuko du par­te.

Partidu berdindua espero da Lodosan
Ioritz Arrieta pelotari hernaniarrak, Lukin nafarra bikote duela, Lodosa torneoko finala jokatuko du gaur. Finala jubenil mailakoa izango da eta aurkari izango dituzte Jauregi eta Zabaleta, arratsaldeko 19:00etatik au­rrera. Itxura batean oso partidu berdindua izatea espero da. Partiduko gakoa izango da Lukinek Zabaletaren momentu ona eusten jakingo duen edo ez. Arrieta berriz, aurreko koadroetan nagusi izatea espero da.

Elite mailako trinkete torneoa
Bestalde, bihar Elite mailako trinkete torneoa hasiko da. Bertan izango dira egun punta puntan dabiltzan zor­tzi pelotari, tartean, Eñaut Esnaola hernaniarra. Esna­o­la sasoi ezin hobean dabil azken aldian, eta horren adibide dira denboraldi honetan lortutako bi emaitza garrantzi­tsuak: Gipuzkoako txapelketan eta Gravn txapelketan azpitxapeldun izan zen. Horrez gain, ia-ia Argentinan izan zen mundialean hartu zuen parte , selekzioarekin. Biharko partiduan Gon­zalez bizkaitarraren kontra jokatuko du, 11:15etatik aurrera. Partidu zaila izatea espero da, aurrean izango duen pelotaria modalitate honetako onenetakoa baita. Hala ere, sakeak ondo eran­tzuten baditu, partidua irabazteko aukerak izan ditzake.

Emaitza gazi-gozoak joan den asteburuan
Joan den asteburua ez zen bereziki ona izan Hernaniko pelotarientzat. Euskal Jaie­tako torneoan, Noblek, Ibar­guren bikote zuela, 18-17 galdu zuten Chiapuso-Ola­rraren kontra. Esnaolak berriz Huizirekin jokatu zuen, eta partidu bikaina egin zuen; Errasti eta Urruzolari 22-15 irabazteaz gain, torneoko pelotari onena ere izendatu zuten. Bestalde, Paul Ojuelek Lezoko torneoa jokatu zuen Telletxea lagun zuela. Jaunarena eta Zabaleta nafarren kontra jokatuko zuten eta 22-16 galdu zuten. Zabaleta atzelariak agindu zuen partidu osoan eta Ojuelek ez zuen aukera haundirik izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!