Euskal Jaiak Hernanin, gaur eta bihar, 100 urteren buruan

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 19a, 02:00

1909 urtean Euskal Jaiak ospatu ziren Hernanin, irailean orduan ere. Hain zuzen, 100 urte joan direlako, aurten Euskal Jaiak berreskuratu nahi dira Hernanin eta asteburu honetan izango dira. Atzo hasi ziren jaiak Xabier Lete abeslari eta konpositore oiartzuarraren errezitaldiarekin. Gaur eta bihar egun beteko jaiak izango dira. Ez dira faltako azoka, bertsolariak, musika, dantzaldia eta bestelako ikuskizunak.

goizean azoka
Gaur goizetik abeltzaintza eta artisautza azokak izango dira Tilosetan, baita herri kirolak ere. Mokadu bat egin nahi duenak berdela, taloa eta txakolina izango ditu Iturriaga kalean eta kantuan ibiltzeko aukera izango da Kalez Kale Kantari ekimenekoekin.

arratsaldean idi-gurdiak eta arropa garbitzea
Arratsaldean idiek tiratako bi gurdi abiatuko dira plazatik; batek, karlia eramango du gainean, besteak berriz, arreoa, garai batean ezkon­tzerakoan eramaten zen gurdikada traste. Bidean tarteka geldialdiak egingo ditu karabanak, eta arropa garbituko dute garai batean bezala. Leoka labaderoan egingo dute azkeneko geldialdia eta bertan beste erakustaldia egingo dute.

Bertso saioa gauean
Bertsolaririk ezin falta Euskal Jaietan. Gauean bertso saioa izan­go da Atsegindegin, punta-puntako bertsolariekin: Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, An­gel Mari Peñagarikano, Xabi Paia, Amaia Agirre eta Aitor Sarriegi.

Sagardo dastaketa, perretxiko erakusketa eta trikitixa txapelketa
Herriko jende eta talde askok parte hartu dute Euskal Jaiak antolatzen, eta bakoitzak bere ekarpena egin du. Horregatik hain zuzen, bihar izango da aukera herrian kontu ezberdinekin gozatzeko. Goizeko 10:00etan hasita, Sagarra eta Sagardoaren Festa izango da plazan, Tolarea Kofradiak antolatuta. Sagar erakusketa, sagardo probaketa, eta sagar bilketa eta sagar jotzea egingo dute plazan, jende aurrean. Urretxa Mikologia Elkar­teak antolatuta, perretxiko erakusketa izango da Plaza Berrin eta elkarteko kideak bertan izango dira jendeari azalpenak ematen. Gazteen Trikitixa Txapel­ke­ta ere izango da, plazan bertan, Kriskitiña dantza taldeak antolatuta, aurten 11garren aldiz.

Pelota partiduak Tilosetan
Eguerdi partean pelota partiduak izango dira Tilosetako frontoian. Batetik, emakumeak ariko dira, palan, honakoak: Amaia Irazustabarrena eta Nagore Arozena ariko dira Goiatz Manzisidor eta Ainhoa Montesen aurka. Mutilak berriz, eskuz ari­ko dira: Paul Ojuel eta Ioritz San Sebastian ariko dira Josu Oiaga eta Aitor Gorrotxa­te­gi­ren aurka.

Bazkaria Atsegindegin
Eguerdian herri bazkaria izan­go da Atseginde­gi­ko estalpean eta antolatzaileek, Kaxko elkartekoek, jendetza espero dute bazkarian. Dultzemeneoa Tilosetan Ilunabarrean, dantzaldia izan­­­go da Tilosetan, Musika Ban­da eta Txistulari Banda­ren eskutik. Dultzemeneoan ibil­tzeko aukera izango da han­go baltsa eta pasodobleekin. Liburuxka atera dute Jaien antolatzaileek liburuska bat argitaratu dute garai bateko Euskal Jaien inguruko pa­sar­teekin eta egunotan eskuragarri jarriko dute jendeak hartzeko. Euskal Jaiek Hernanin egi­teaz gain, Euskal Herriko bazter askotan egiten ziren, euskal kultura sustatzeko.

Garaiko jantziak soinean

Antolatzaileek dei egin diete jaian parte hartu nahi duten guztiei garaiko
jantziak eraman ditzaten soinean, jaia girotzeko eta giroan sartzeko. Ez dira bakarrak izango, he­rriko komertzio askotan ere alegina egingo baitute garaiko itxura berreskuratzeko.

Emakume eta gizonak
Antolatzaileak saiatu dira  orduko jantziak nolakoak ziren adierazten. Emaku­meei gomendatu diete gona luzea eta blusa janztea, ahal bada txuria edo beltza, eta zapia eramatea lepoan edo buruan. 

Gizonei berriz, mahoizko galtzak, alkandora eta txapela janzteko eskatu diete. 
Soinekoarekin eta tiranteekin Neskatoei soineko txuriarearekin eta galtzerdi luzeekin jaznteko eskatu diete eta mutikoei berriz galtza motzak, galtzerdi luzeak eta tiranteak janzteko gomendatu diete.

Baserritarra modan
Orduan ere kategoriak izango ziren eta finago edo zatarxeago janzten zirenak izango ziren; baita jantzi bakarra izango zutenak ere.  Baserritar mordoska bazen orduan Hernanin, gaur egun ere badira, horregatik, baserritarra beti egon delako modan, baserritar jantzia ere egokia da.

Larunbata, hilak 19
10:00etan, Abeltzaintza azoka. Tilosetan.
10:30etan, Artisau azoka. Tilosetan.
12:00etan, Kalez Kale Kantari. Herrian barrena.
12:30etan, Herri kirolak. Tilosetako frontoian.
Txakolin, berdel eta
talo dastaketa.
Iturriaga kalean.
17:00etan, Ttarla dantza
taldearen kalejira.
17:30etan, Karrozen irteera, Gudarien Plazatik. Ondoren, arropa
garbitzea Leokan.
19:30etan, Erdizka Lauetan taldearen
dantza saioa, Plaza Berrin.
22:30etan, Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Jexux mari Irazu, Angel mari Peñagarikano, Xabi paia, Amaia Agirre eta Aitor Sarriegi. Atsegindegin.

Igandea, hilak 20
Diana txistulariekin.
10:00etan, Sagarra eta Sagardoaren Festa.
Gudarien Plazan. Tolarea Kofradiak antolatuta.
12:00etan, XIgarren Gazteen Trikitixa Txapelketa.
Gudarien Plazan. Kriskitiña
dantza taldeak antolatuta.
Bitartean, perretxiko mota ezberdinen
erakusketa.
Plaza Berrin. Urretxa Mikologia Elkarteak
antolatuta.
12:00etan, Pelota
partiduak. Emakumeak palan; gizonak eskuz. Tilosetan.
14:00etan, Herri
bazkaria. Atsegindegin.
19:00etan, Dantzaldia Musika Bandarekin eta Txistulari Bandarekin. Tilosetan.
21:45etan, Bukaera
kantuan bertan dauden
guztiekin eta
zezen suzkoa. Tilosetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!