Chloe, Atom Egoyanen azken lanak emango dio hasiera gaur 57 Donostia Zinemaldiari

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 18a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

Chloe, Atom Egoyan zinegile kanadiarraren azken filmak emango dio hasiera gaur 57 Donostia Zinemal­diari. Egoyan bera izango da emanaldiaren ondorengo prentsaurrekoan. Filmak emango dio hasiera Sail Ofizialeko lehiaketari. Ju­lian­ne Moore, Liam Nee­son eta Amanda Seyfried aktoreak dira antzezten duten garrantzizko rolak. Zabaltegi Sailari berriz, hasiera emango dion filma Quentin Tarantino zuzendari estatubatuarrak zuzendutako Inglorious Basterds izango da. II Mundu Gerran oinarrituta dagoen filma Cannes­eko Sail Ofizialean izan zen ikusgai aurtengo edizioan, eta Cristophe Waltzek Aktore Hoberena­ren Saria lortu zuen bertan. Cristophe Waltz berak, Tarantino zuzendariak eta Brad Pitt filmaren aktoreak aurkeztuko dute filma gaueko emanaldian.

Sir Ian McKellen, aurtengo Donostia Saria
Asteazkenean, irailaren 23an emango diote aurtengo Do­nostia Saria Sir Ian Mckellen aktore britaniar haundiari. Mckellen-en azken lanak ospe haundikoak izan dira, azpimagarriak dira Gandalf magoaren papera The Lord Of The Rings (Eraztunen Jauna, 2001) hiru filmeetan, eta Mag­netoren pertsonaiaren gaiztotasuna ezin hobeto gorpuztu zuelako X men (2000) hiru pelikuletan. Baina aurretik ere eraku­tsi du bere maisutasuna. Esaterako, Aktore Hobere­naren Zilarrez­ko Maskorra lortu zuen Do­nostia Zine­mal­diko 1996ko ­edizioan Gods and monsters filman James Whale zuzendariaren rolari esker (film hori ikusi ez baduzue, DVDan lortu eta ikusi mesedez, guztiz gomendagarria baita). Bryan Singer zuzendariaren Apt Pupil (Verano de Corrup­ción, 1998) film ezezagun eta interesgarrian betetzen duen rola ere aipatzekoa da. Baina Mckellenek, Bri­tai­nia Handiko aktore haundi gehienek bezala, an­tzerkian hasi zuen bere ibilbidea, Shakespearen antzerkiko per­tsonai mitikoak antzezten. Ahaztuezina da zineman, eta Richard Loncraine zuzendariari esker Richard III (1995) filman betetako lana, esaterako.

Belodromoa 3D zinemako areto erraldoia
Toy Storyren 3 dimentsioko bertsioak, Battle For Terra, Ocean World eta The Nigthmare Before Christmas (Eguberri Aurreko Amez­gaiztoa, 2008) izango ditugu ikusgai Belo­dromoko aurtengo emanaldietan, Belo­dromoko 3D zinema izenburuarekin aurkeztutako egitarauaren barnean. Informa­zio gehiago zinemaldiko www.sansebastianfestival.com web orrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!