astebete eskas falta da udazkena ailegatzeko eta dagoeneko sumatzen hasia da aldaketa termometroetan. Orain arteko eguzkia ere erretiratzen hasia da eta euria eman dute barra-barra egunotarako. Hain zuzen, ordubetean 15 litrotik gora botatzeko arriskua aurreikusi dute egunotako, zehazki gaurko. Horregatik, Babes Zibil Sailak eurite arriskua iragarri du eta zenbait aholku luzatu ere bai euriteek ezustean ez harrapatzeko.
15 litrotik gora akaso
Jakinarazi dutenez, atzo eta gaur ordu betean 15 litrotik gora euri botatzeko arriskua dago Kantauri isurialdean, batez ere, mendebaldean.
Hori horrela balitz, eta eguraldiak hala nahiko balu, egun bakar batean 60 litro botatzeko arriskua ere aurreikusi dute, txikia hala ere.
Lehorretik ibili
Babes Zibilak ohiko gomendioak gogorarazi ditu: saiatu kotxeak eta bestelakoak leku altuetan uzten, urak ez harrapatzeko moduan.
Garrantzitsua da baita ere, komunikabideetako informazioa jarraitzea, aldiro adierazten baitute zein den egoera eta zer aurreikusten duten.
Ibaia edo erreka gertu dutenei komeni zaie tarteka hari erreparatzea, eta maila asko igo dela sumatuz gero, udaltzainei jakinaraztea.
Txarren txarrenean, urak harrapatuz gero, edo isolatuta geratuz gero, udaltzainei deitu eta laguntza eskatu daiteke. Horretarako, honako telefono zenbakia eman dute: 943 248 900.