100 urteren buruan, Euskal Jaiak egingo dira asteburuan Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 16a, 02:00

Duela 100 urte, 1909an, irailean baita ere, Euskal Jaiak egin ziren Hernanin, euskal kul­tura eta tradizioak susta­tzeko. Orduan sekulako jendetza bildu zen, eta asteburu honetan, 100 urte joan eta gero, ez dute gutxiago espero antolatzaileek. Bihar hasi eta igandera arte izango dira jaiak. Bihar, Xabier Lete abeslari eta idazle oiartzuarraren errezitaldia izango da. Egun­sentiaren esku izoztuak liburuko poesiak errezitatuko ditu.

Azokak, dantza eta karrozak larunbatean
Larunbatean abeltzaintza eta artisautza azoka izango dira Tilosetan, baita pelota partiduak ere. Kantari ibiltzea gustuko duenak ere izango du aukera herrian barrena kantuan ibiltzeko. Iturriaga kalean txakolina, berdela eta taloak izango dira. Arratsaldean gurdiak abia­­­­tuko dira plazatik, garai batean bezala, idiak tiraka dituztela; batean, garlea du­te­la, eta bestean arreoa dutela, garai bateko ezkontzetan bezalaxe. Tarteka geldialdiak egingo dituzte eta goara joko dute, arropa garbituko dute, garai batean bezala, azkena Leokan.

Perretxiku erakusketa, sagardo probaketa, trikitixa txapelketa eta bazkaria
Igandean izango da eguna non pasa Hernanin. Goizean eta eguerdi partean Sagarra eta Sagardoaren Festa izango da Plaza Berrin; horrez gain, Gazteen Trikitixa Txapelketa ere izango da; eta gehiago na­hi izanez gero, perretxiku eder eta bereziak ikusteko aukera izango da Plaza Be­rrin, Urretxa Mikologia El­kar­teak antolatuta. Tilose­tan berriz, pelota partiduak izango dira: emakumeak palan eta gizonak eskuz.

Garaiko arropak soinean
Antolatzaileek parte hartzeko gonbitea luzatu diete herritarrei, eta horretarako garaiko jantziak soinean jarrita atera­tzeko eskatu diete. Ideiaren bat ere eman dute: emakumeak gona luze, blusa eta zapiarekin; gizonak mahoizko gal­tza, alkandora eta txapelarekin; neskatoak soineko eta galtzerdi luzeekin; eta mutikoak galtza motzak, galtzerdi luzeak eta tiranteekin. Beste­rik ezean, baserritarren jan­tzia beti izan da moda.

Euskal Jaiak
Euskal Jaiak XIX mendean ha­si ziren egiten Euskal Herrian, Anton Abbadiak bultzatuta euskal kultura sustatzeko. Euskal Herriko bazter askotan egin ziren, tartean Hernanin.


Ostirala, hilak 18
20:00etan, Xabier Leteren errezitaldia.
Biteri kultur etxean.
Larunbata, hilak 19
10:00etan, Abeltzaintza azoka. Tilosetan.
10:30etan, Artisau azoka. Tilosetan.
12:00etan, Kalez Kale Kantari. Herrian barrena.
12:30etan, Herri kirolak. Tilosetako frontoian.
Txakolin, berdel eta talo
dastaketa. Iturriaga kalean.
17:00etan, Ttarla dantza
taldearen kalejira.
17:30etan, Karrozen irteera, Gudarien Plazatik. Ondoren, arropa garbitzea Leokan.
19:30etan, Erdizka Lauetan taldearen dantza saioa, Plaza Berrin.
22:30etan, Bertso saioa, Atsegindegin.
Igandea, hilak 20
Diana txistulariekin.
10:00etan, Sagarra eta Sagardoaren Festa.
Gudarien Plazan. Tolarea Kofradiak antolatuta.
12:00etan, XIgarren Gazteen Trikitixa Txapelketa.
Gudarien Plazan. Kriskitiña
dantza taldeak antolatuta.
Bitartean, perretxiko mota ezberdinen erakusketa.
Plaza Berrin. Urretxa Mikologia Elkarteak antolatuta.
12:00etan, Pilota partiduak. Tilosetan.
14:00etan, Herri bazkaria. Atsegindegin.
19:00etan, Dantzaldia Musika Bandarekin eta Txistulari Bandarekin. Tilosetan.
21:45etan, Jaien bukaera kantuan bertan dauden
guztiekin eta zezen suzkoa. Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!