Donostia Zinemaldiari gainbegirada (3) Sail Ofiziala

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 13a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

Gaur jarri dira dagoeneko 57 Donostia Zinemaldiko sarrerak salmentan. Goizeko 09:00etatik aurrera, bai Kutxako sarreren salmentarako egokitutako makinetan, Kutxaneten bidez edota zinemaldiak prestatu dituen lehiatiletan (Kursaaleko kubo txikian daudenak, hain zuzen) salgai dituzue film guztiak ikusteko sarrerak eta baita filmeen ordutegiak. Nik Sail Ofizialeko filmeei gainbegirada laburtuko dizuet, nire ustez sail horretan galdu ezin diren filmak argitzeko xedez.

Sail Ofiziala
Egia esateko aurten ere asmatu dute Zinemaldiko antola­tzaileek Sail Ofizialarekin, tartekatu baitituzte zuzendari ospetsuak (Dumont, Ozon, Honoré) eta hain ezagunak ez diren zuzendariak; eta ziur zuzendari berri horiek aurkeztuko dituzten filmak interesgarriak izango direla, dudarik gabe. Gainera, interneteko web orri zehatzetan diotenez, lehiaketan parte hartuko duten film Espainolak apartak dira guztiak. Eta hori ez bazen nahikoa, aurtengo Zinemaldia irekitzeko eta itxiera emateko ekarri dituzten filmak Atom Egoyan eta Rodrigo Garcíaren azken pelikulak dira. Ondoren, Sail Ofizia­leko film interesgarrienak aztertuko ditut.

‘Hadejwich’ - Bruno Dumont
Zoritxarrez, ez dugu sekulan aukerarik izan zuzendari ospetsu honen filmerik ikusteko, ez baitu lortu bere filmeren bat Estatuan banatzerik , L’Humanité (1999) eta Flanders (2006) izeneko filmak Canneseko Epaima­haiaren Sari Nagusiak eskuratu arren. Sail Ofizialean aurkeztuko duen filma bere bosgarren luzemetraia da eta Hadejwich izeneko nobiziaren istorioa azaltzen du zuzendari frantziarrak. Fede itsua, estasia eta mirariak izango dute lekua gidoi original eta ausarta duen film honetan. Eremu arriskutsuak ere baditu Hadejwich filmak. Dudarik gabe, gomendagarria da film hau ikusteko tartea bilatzea.

‘El secreto de sus ojos’ - Juan José Campanella
Argentinako zinemagintzak tartea izan du maiz Donostia Zinemaldian, azken urtetako edizioetan batez ere, ikusgai izan ditugu Argentinako zuzendari sendoenen obrak: Daniel Burman, Carlos Sorín... Eta aurtengo edizioan Juan José Campanella maisuaren azken filma, El secreto de sus ojos, izango dugu ikusgai Sail Ofizialean. El hijo de la novia (2001) filmak eman zion Campanellari ospea, baina filme horren gainetik kokatuko nuke nik El niño que gritó puta (1991) bere lehenengo film ikaragarria. Iragana, maitasuna, heriotza eta laguntasuna abiapuntu dituen istorioa kontatzen digu oraingoan Campa­nellak.

Yo, también - Álvaro Pastor eta Antonio Naharro
Ikusi dutenek aipatu dute urte honetako Espainiako filmerik hoberena dela. Bi zuzendari ezezagunen lehenengo film hau istorio bitxia da. Bertan, Daniel, 34 urteko Down sindromea duen gaztearen istorioa kontatuko digu. Unibertsitateko ikasketak gainditu ondoren, Danielek administrazioan lortuko du lanpostua, eta han Laura ezagutu eta maite­min­du egingo da. Mugarik gabeko amodiozko istorio horrek Lola Dueñas aktore sendoa eta Pablo Pineda ditu garrantzizko roletan. Sail Ofizialeko sorpresa izan daitekeen filma ote?

‘Le refuge’ - François Ozon
Zuzendari frantziarrak parte hartu zuen Sail Ofizialean orain dela bederatzi urte Sous le sable filme misteriotsuarekin. Harez geroztik, 8 Femmes (2002), Le temps qui reste (2005) edota Ricky (2009) filmak aurkeztu ditu Europako zinemaldi ezberdinetan, besteak beste. Drogak, maitasuna eta adiskidetasunaren gaiak oinarritzat hartuko ditu azken film honetan eta Urrezko Maskorra lortzeko saioa egingo du Ozonek. Eta lortuko balu?

Mother and child - Rodrigo García
Gabriel García Márquez-en semeak zuzendari trebea dela adierazi zuen lehenengo filmarekin, Cosas que diría con sólo mirarla (2002), Sundan­ceko Sari Nagusia lortu bai­tzuen. Gero filmatu zuen Nine Lives (Nueve vidas, 2006) gidoilari eta zuzendari gisa berriz ere. Eta berriz ere zuzendaritza lanetan trebea zela adierazi zuen. Zinemal­di­ra dakarren film berrian pertsonai desberdinen istorioak kontatzen ditu, aurreko bere bi filmeen antzera. Mother and child filmak ez du lehiaketan parte hartuko baina urrezko itxiera emango dio aurtengo Sail Ofizialari. Alejandro Gonza­lez Iñarri­turen ekoizpenarekin, Mother and child filmak aukera eskeiniko digu aktore bikainen lanaz gozatzeko: Naomi Watts, Annette Bening eta Samuel L. Jackson haundiak, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!