Jose Olaizola (1883-1969) hernaniar musikagile eta antzerkigile famatuaren obra berri bat ikusteko aukera izan zen 1909ko irailaren 21eko ´euskal-itz jostaldian`: Ingelesaren euritakua. Antzerkia Udaletxeko areto nagusian estreinatu zen eta eserlekurik ez zen libre geratu hura ikustera joan zirenen artean. Izan ere, erakargarria behar zuen izan antzezkizunak herritarrentzat, Hernanin benetan gertatutako pasadizo baten gainean idatzi baitzuen Olaizolak. Horrela, ´mania pertsekutorioa` zuen ingeles baten eta bere euritakoaren gorabeherez gozatu ahal izan zuten ikusleek. Antzerkia bi zatitan zegoen banatuta eta deskantsuan Abelino Barriolaren zarzuela txiki bat entzuteko aukera izan zen baita ere, Zorigaiztoko Eguna izenarekin, Jose Olaizolak berak konposatutako musikaz lagunduta. Urte batzuk beranduago zarzuela hori Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztu zen.
Lan zerrenda amaigabea
Olaizolari etxetik zetorkion musikarako zaletasuna; Manuel Zendoiaren irakaspenak ere jaso zituen gaztetan. Bizitza osoa eskaini zion musikari, olerkiari eta antzerkiari, horregatik, hernaniarrak egindako lanen zerrenda amaigabea da. Batzuk nabarmentze aldera aipa ditzakegu Hernaniko euskal jaiak baino urtebete lehenago idatzitako Markesaren Alaba lan ezaguna (joan den astean Kronikan esan genuen bezala), 1983an Antzerti elkarteak argitaratua, edota Oleski zaarra, 1916an idatzia eta 1956an berriz antzeztua. Jose Olaizola Gabarain 1969an urtean hil zen Donostian, Santa Maria elizako organo jole bezala urte mordoa egin eta gero.