´Baña Euskal-Erria oraindik ere bizi da?` galdetu zuen, eta berak erantzun zion galderari: ´Bai, zauriturik badere, bizi da. Bere semeak gera. Onen bularretatik bere titi gozoa edoski degu. Bere itskuntz ederra erakutsi digute, bere legeak ezin da obeak dauzka bere biotzean guretzat gorderik`. 1909a zen, eta hitz hauek Jesus Maria Echeverria kanonigoak bota zituen, Hernaniko elizako meza nagusian. Iskanbila sortu zuten herri hartako euskal jaiek, asmo politiko konkretua omen zutelako. Egitan, euskal jaiek gertaera dramatiko batek markatuta egin zuten 1876tik aurrerako bidea: foruen galera. 1853ko Urruñako edizioarekin hasi ziren euskal jaiak Antoine Abbadie mezenasak bultzatuta eta hurrengo urteetan arrakasta izugarria izan zuten. Gero, Iparralde eta Hegoaldeko euskaltzaleen arteko harremana sendotu zuen Abbadiek (Bonaparte printzearekin batera) eta ondorioz 1879an euskal jaiak Hego Euskal Herrian egin ziren lehen aldiz, Elizondon zehatz esateko. Galdutako foruen defentsak, euskal ´pizkundea` eta euskal jaien espiritua leku eta erakunde gehiagotara zabaldu zuen. Horrela, Donostiako Euskal Jostaldien Batzarrea euskal jai propioa antolatzen hasi zen Gipuzkoako hiri zaharrean. Mende amaieran, Diputazioak ganadu feria gehitu zion Donostiako jai horri eta probintziako beste herrietara eraman zuen euskal jaia: 1896an Arrasatera, ondoren Oiartzun, Zestoa Zumarraga Zumaia Azpeitia Oñati... eta hola iristen gara 1909ra, Hernaniko sarreran jarritako arku kolosalean leitu daitekeelarik: Probinziako Diputazio argiya. Ernani-ko erri ezagugarri ta leyal ontara Ongi betorkigu. Hernani lau mila buruko herri koxkor bat zen. Tranbia berriaren ferrak kapitaleko haizea ekartzen hasiak ziren jadanik eta burgesen txaletak edo dantzaldi eta kafeak ez ziren falta. Baina berdin bizi ziren hala eskua baba betetako langile industrialak, nola baserriko seme txit prestuak. Porrusalda ederra zen Hernani 1909an.
Ganadu peritik Lore-jokoetara
Euskal jaiak irailaren 17tik 22ra ospatu ziren eta denetarik egon zen. Ganadu feria egiteko Tellerigainen karpa erraldoiak jarri ziren, zerbitzu guztiak eskaintzen zituen parke tematiko moduko bat. Billaldi edo lehiaketa horrek gero eta sona handiagoa zuen probintzian, arrazaren araberako sariak, nekazal tresnei buruzkoak, basogintzarekin zerikusia zutenak... asko zegoen jokoan. Bigarak zekorrak, oiloak, antzarrak edota ´bertako arraza garbiya`, eztia, sagardoa, mantekila ,gazta, intxaurrak albertxikuak eta baina sasoikoak... Gernikako urria Hernaniko irail bihurtuta. Baina feria beste zerbaitetarako ere aprobetxatzen zuten. Esaterako, honela esaten zuen euskaraz, xuxen uler zedin, Diputazioak kaleratutako programak: ´Bei-ganadu, zaldi eta asto, dirala arrak edo emiak, sariya irabazten dutenak billaldi onetan, biarko dituzte beren jabiak iruki probintzi onetan arrazak obetzeko, billaldiyaren ondorengo amabi illabetietan`.
Ekitaldi erlijiosoak, hitzaldi ofizialak eta banketeak ere izan ziren herriko plaza nahiz kaleetan, bai eta dantzariak eta dantzaldiak, su artifizialak eta ´sumendiak`, Txirrita nahiz Pello Errotaren zipla eta takoak, Eltzekondo borrokalariaren gihar erakustaldiak, konpartsa eta aurreskua, makildantzari, irrintzilari, blankolari, pultsolari eta zulladunak... Bestalde, kultura ´jasoago` baterako tartea ere izan zen Hernaniko 1909ko euskal jaietan, emanaldi literario-musikalekin eta lore-jokoekin. Lore-jokoak erromantizismoak XIX. mendean berreskuratutako lehiaketak ziren. Katalunian Erdi Arotik zetorren tradizioa zen eta Hego Euskal Herrian foruen defentsak bultzatu zuen holako ekitaldiak antolatzera. Bertan musika, bertso eta literatura lantzen zen batez ere. Hernanin arrakasta itzela izan zuten Gregorio Mujikak, Ramon Inzagarayk, Jose Elizondok, Inazio Urangak edota Bernardo Gabiolak, beste askoren artean. Alfredo Laffitte donostiar kazetaria zen lore-jokoen antolatzaile eta bere sarrera hitzaldian oso gogoan izan zuen aita Agustin Kardaberaz Hernaniko semea. Izan ere, euskararen berri ona eman zigun jesuitaren gorpuzkinak urtebete lehenago ´aurkitu` eta ekarri zituzten Italiako erbestetik eta oraindik presente zuten hori euskaltzaleek.
Zezenak ihes egin zuenekoa
Holako jai handi batek ezin zuen anekdotarik gabe geratu, San Ferminetan ere izaten dira... Donostiako El Correo de Guipuzcoa egunkari tradizionalistak hiru ´intzidente` aipatu zituen. Bat: plazan jarritako taulatua behera erori zen dantzari txikiak gainean zeudenean; zorionez bi zauritu arin besterik ez ziren izan. Bi: lapur bat harrapatu zuten bere ´arte onak` praktikatzen, egunkari donostiarraren eskandalurako. Hiru: zezen batek ihes egin zuen; tamalez egunkariak ez du esaten askatasuna lortu ote zuen zezen ameslariak.
Jai arrakastatsuak izan zirela dudarik ez da, Euskal-Erria aldizkarian eta gainerako prentsan eman zioten kobertura ikustea besterik ez dago, Baserritarra-k honela zioen: ´Ez daukagu emen tokirik bere gañ esan behar degun guziya esateko eta bere berri ongi emateko. Onek artu arazi digu asmua egun guchi barru ateratzeko Baserritarraren ateraldi oso bat gehiago, Hernaniko billaldiyaren berri emanaz`. Zoritxarrez, ez zen edizio berezirik atera, ´gure borondatetik kanpo dauden arrazoiengatik` azaldu zuten egunkariko arduradunek.