makina bat arrazoi daude euskera ikasteko, horregatik AEK-k iraileko matrikulazio kanpainan, datorren ikasturteko eskaintza luzatu du, baina baita ere hainbat ekintza, euskara ikastearen garrantziaz jabetzeko. Euskaltegietako aukeraz gain, kultur eskaintza zabala prestatu du hilabete honetarako.
Zer behar, hura eskaini
Euskaltegietako eskaintza ikasleen beharretara egokitu izan dute beti, eta gaur egun gero eta gehiago. Betiko eskaintza badago, euskera ikasteko, edo alfabetatzeko esate baterako, euskaltegira joanez astean hiruzpalau egunetan.
Ikasleek behar ezberdinak dituztela jabetuta ordea, eskaintza behar ezberdinetara egokitzen saiatzen dira; horregatik eskaintzen dituzte talde ezberdinentzat propio prestatutako ikastaroak, autoikaskuntza, bere kasa moldatzen diren ikasleentzat, azterketa zehatzak gainditzeko ikastaroak, zalantzak argitzeko zerbitzua eta abar.
Ikasitakoa erabili
Horiez gain, makina bat ekintza ere prestatzen dituzte ikasitakoa erabiltzeko, kalean, jendearekin. Horretarako, ikastaroak, hitzaldiak, irteerak, asteburuko egonaldiak eta abar egiten dituzte ikasturtean zehar.
Hernanin lehiaketa
Hernaniko AEK euskaltegiak lehiaketa antolatu du irailean zehar. Lehiaketan herriari buruzko galderak egin dituzte; galdera orriak taberna eta komertziotan jari dituzte, eta bi lagunentzako afaria zozketuko dute Errio Guardan goxo-goxo afaltzeko. Joan den igandean Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera bota zuten matrikulazio kanpainaren txupinazoa.
Argazki erakusketa
Astigarragan
Astigarrako AEKn ere buru-belarri ari dira matrikulazio kanpainan. Honako ekintzak antolatu dituzte: batetik, argazki erakusketa, herrian egindako ekintzen ingurukoa eta herriko hainbat gunetan jarria dute. Bestetik, Hernanin bezala, herriari buruzko galdera lehiaketa antolatu dute.