«Nire haurtzaroko lehenengo oroitzapen guztiak Hernanikoak dira»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 12a, 02:00

Donostian jaio zinen, zure aiton-amonak Shangai tanbernaren jabeak ziren eta zu ere Hernanin bizi izan zinen. Gero Urnietan, eta orain Salamankan bizi zara, baina Hernanik izango du lekurik zure oroitzapenetan, ezta?

Bai, leku haundia du. Donos­tian jaio nintzen, baina esan bezala, nire aiton-amonek Shangai taberna zeukaten eta ni gaineko pisuan bizi nintzen. Nire lehenengo urteak han pasa nituen eta Portuko jendearekin oroitzapen asko ditut. Nire gurasoek lan egiten zuten bitartean, denbora gehiena tabernan pasatzen nuen nire aiton-amonekin eta jende artean. Gainera, Urumea Ikastolara joaten nintzen eta nire haurtzaroko lehenengo oroitzapen guztiak Hernanikoak dira.


Non jaio zen zezenketekiko zaletasun hori?

Horrekin jaio egiten da. Txiki txikitatik, gogoratzen naizenez geroztik, tabernan bertan nire amonak egindako jertse batekin toreatzen aritzen nintzen. Gero, nire aitonak sukaldeko trapu bat baino handixeagoa den kapote bat oparitu zidan... Nire ustez, horrekin jaio egiten da eta barruan eramaten da. Eta gero, adin batera iristean, serioago hartzea erabakitzen duzu...


Zuk 17 urterekin hartu zenuen serioago hartzeko erabaki hori eta Salamankara joan zinen amets hori betetzera... Nire hastapenak Bidebietako La Paz zezen-peñan egin nituen 11-12 urterekin. Pikadore izandako gizon batek toreatzen irakatsi zigun eta 16 urterekin Salamankako Tauromakia Eskolan hartu ninduten eta orduan hartu nuen Salamankara etortzeko erabakia.


Zu bakarrik joan zinen familia eta lagunak hemen utzita. Gogorra izan al zen?

Hasiera batean, ni bakarrik etorri nintzen, baina gero gurasoak ere etorri ziren. Egia esan, ilusio haundia egiten bazidan ere, gogorra izan zen. Jaioterria, lagunak, oroitzapen asko... utzi behar izan nituen nire ametsa betetzeko eta, egia esan, gogorra izan zen eta Euskal Herriaren falta haundia somatu nuen.


Asko etortzen zara?

Ez gehiegi, baina urtean hiru-lau aldiz joatea gustatzen zait. Eta beno, minduta ez naiz sentitzen, baina nire herrialdean, Illunben, toreatzearen hutsunea sentitzen dut. Aurtengo Donostiako Aste Nagusian toreatu ahalko nuela uste genuen, baina enpresariek ez dute egokitzat ikusi ni kontratatzea. Hala ere, Donostiako Udalaren, zaleen eta kazetarien babesa jaso dut eta datorren urtean Illunben toreatzeko ametsa betetzea espero dut.


Toreatzeaz aparteko lanik ba al duzu?

Gauez egiten dut lan; txerri-hiltegi batean.


Nolako torerotzat hartzen duzu zure burua?

Zaleei gehien gustatzen zaien zezenketa egiten saiatzen naiz. Nire ustez, zezenketa purua da hori. Hau da, torea­tze klasikoa.


Zerk erakartzen edo bultzatzen zaitu zezen baten aurrean jartzera, zure bizitza arriskuan jartzera...?

Hori azaltzea oso zaila da. Hasiera batean, jolasten hasten zara eta gutxinaka konplikatzen joaten da. Hor, gauza desberdinak sentitzen dituzu; sentsazio asko... Baina egia da horiek sentitzeko egin beharreko esfortzua oso haundia dela. Lanbide gogorra da, baina trukean zuk nahi duzuna lortzen duzunez, helburu desberdinak betetzen doazen heinean, esfortzuak saritu egiten dira.


Nolakoa izan zen zezen baten aurrean jarri zinen lehen aldia?


Txekorrak, lehenbiziko aldiz, Lasturren toreatu nituen. Eta, txekorrak hiltzen beranduago hasi nintzen, Salamankako Tauromakia Eskolarekin. Zuhurtasun kontua da. Norberaren prestaketak gora egiten duen heinean, animaliak ere handiagoak dira.


Zer sentitzen da zezen baten aurrean? Kriston erantzukizuna. Eta, azken batean, onartzea gogorra bada ere, bizitza arriskuan jartzen dugu eta, noski, beldurra sentitzen dugu. Baina beno, mundu guztiak senti­tzen du beldurra ezta? Bestela ez ginake gizakiak izango.


Baina hori erakartzen zaituen gauzetako bat ere izango da... Bai, bueno erantzukizun eta morbo kontua da. Zezen baten aurrean jartzen den edonork beldurra sentitzen du.


Zezenketa zer da artea ala kirola?

Artea. Nahiz eta zezen baten aurrean jartzeko prestaketa bat izatea ezinbestekoa den, artea dela uste dut. Izan ere, ikustera joango den jendearentzat ikuskizun bat prestatzen duzu. Zezenketen aurka daudenen aurrean, nola defendatuko zenuke zure burua? Demokrazia eta adierazpen askatasunaren garaian bizi gara eta norbera, nahi duen lanbidea aukeratzeko libre izan beharko litzateke. Zezenketen aurka dagoen jende askok ezjakintasunez hitz egiten du. Jakin gabe iritzia ematea oso erraza da.


Apirilaren 11n alternatiba hartu zenuen. Nolakoa izan zen egun hura?

Oso egun polita izan zen. Euskal Herritik joan nintzenean, hori zen nire helburua. Nire ustez, alternatiba har­tzea oso garrantzitsua da. Oso ongi atera zitzaidan eta hiru belarri moztea lortu nuen. Baina egun horretan, garrantzitsuena bizitzen di­ren emozio guztiak dira. Ospakizunak irauten dituen bi orduetan zehar, azken urteetan bizi izan nituen gauza guztiak pasa zitzaizkidan burutik. Lagunak, nire bizilekua utzi behar izan nuen eguna...


Espero gabe, Donostiako Barandila ere jaso zenuen...

Bai. Kazetari askok deitzen didate nongoa kontsideratzen naizen galdetuz eta nik argi utzi nahiko nuke Donostian jaiotzeaz eta bertakoa senti­tzeaz harro sentitzen naizela. Azkenean, aurten ezin izan dut Illunben toreatu, baina garbi utzi nahi dut Donostiako Udalak eman zidan sariak asko lagundu zidala. Aurretik ere bertakoa izateaz harro nengoen. Baina orain gehiago.


Zezenketen aldetik, zer moduzko uda izan duzu? Lan asko? Egia esan, aurten urte zaila izan da. Krisiaren kontuak denean izan du eragina. Salamankako herri askok festak murriztu dituzte, baina iraila hasieran Venezuelara noa bost bat zezenketetarako. Bertara noan lehenengo aldia izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!