Berrerabiltzeko 7.000 poltsa banatuko dituzte etxeetara datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 11a, 02:00

gero eta plastikozko poltsa gutxiago ikusten dira kalean, herritarrek gero eta gehiago erabiltzen baitituzte poltsa berrerabilgarriak, erosketak egiteko karroa, edota ohial­ez­ko poltsak. Jendeak etxetik eramaten ditu poltsak eros­ke­tak egiteko garaian. Ho­rre­gatik, Udalak 7.000 poltsa be­­rre­rabilgarri banatuko di­tu etxeetara, datorren astean.

2010etik aurrera ordaindu egin beharko dira
Lehendik ere banatu izan dira 10.000 poltsa, karroak zozketatu dituzte eta erosketak egiteko bonoak ere zozketatu dituzte, jendeak pol­tsak berrerabiltzea saritzeko. Hernaniko Udala eta dendariak egiten ari diren kanpaina eredu da eta beste udalak galdezka ari zaizkie kanpainari buruz. Udalak banatuko dituen poltsekin batera, eskuorria ere iritsiko da etxeetara kanpainaren berri izateko. Udalarekin batera, herriko 91 komertziok hartu dute parte kanpainan eta asmoa dute datorren urtetik aurrera poltsak kobratzen hasteko. Horregatik ari dira dendariak eta Udala kanpaina egiten, jendea ohitzeko poltsak etxetik eramatera.

240 poltsa erabiltzen ditu herritar bakoitzak urtean
Kalkulatu dute, gaur egun, urtean, herritar bakoitzak 240 poltsa erabiltzen dituela. Hori begibistan jar­tzeko asmoarekin, datorren astean 240 plastikozko poltsa zintzilikatuko dituzte Biteri kultur etxeko atarian. Pol­tsak ikastetxeetako umeek bildu dituzte Eskola Agen­­da 21 programaren barruan.

Herriko mugikortasun plana
Hilaren 17an, osteguna, Her­na­niko mugikortasun pla­na­ren inguruko hitzaldia izango da kultur etxean. Hi­tzal­dia Endara enpresak emango du, Hernaniko mu­gi­kor­ta­sun plana egiten ari den en­presak. Besteak beste, azalduko dute zer izango duten kontuan mugikortasun plana egiteko garaian. Aparkale­kuak, bidegorriak, kaleen erabilera eta bestelakoak erabakitzen dira holakoetan. 19:30etan izango da, Biterin.

Topagune Berdea
Datorren asteko larunbatean, hilaren 19an, To­pa­gune Ber­dea bilduko da, Biteri kultur etxean, 10:00etan. Asmoa du­te, beti bezala hondakinen eta mugikortasunaren gaiak jorratzea; oraingo txandan osteguneko hitzaldian aurkeztuko den mugikortasun planari buruz hitz egingo dute, eta herritarren parte hartzea estimatzen dute, beraz, inork joan nahiko balu, bertara joatea besterik ez du. Horrez gain, planaren gaineko ekarpenik egin nahi izanez gero, uda­laren web orrian egin daiteke.

Mugikortasun astea
Mugikortasun astearen inguruko ekintza mordoska antolatu dituzte, azken astebururako. Ostiralean bizikleta konpontzen ikasteko aukera izango da; patinetan ibiltzen ikasteko ikastaroa izango da hilaren 21, 23 eta 25ean; ibilaldia patinez, hilaren 26an; Nire lekuan jarri ekitaldia, ezinduen baldintzak eta kirol egokitua ezagu­tzeko larunbatean; eta bizikleta festa igandean.

Ekintzak
Hilak 17, Hitzaldia: Hernaniko Mugikortasun Plana.
Hilak 21, 23 eta 25, Patinez ibiltzen ikasteko ikastaroa. 17:30etatik 19:00etara, Tilosetan.
Hilak 25, Bizikleta konpontzeko ikastaroa. 17:30etatik 19:00etara, Atsegindegin.
Hilak 26, Ibilaldia patinez eta ginkana. 10:00etatik 12:00etara.
Hilak 26, ‘Nire lekuan jarri’ saioa. 17:00etatik 19:00etara.
Hilak 27, Bizikleta festa. 09:30etatik 12:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!