Perretxikoak prestatzeko ikastaroa Txantxangorrin

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 10a, 02:00

Joan den urtean pintxoak prestatzeko ikastaroa izan zen eta aurten, Kutxako Nazaret zentroak antolatuta, sukaldaritza ikastaroa izango da Txantxango­rri elkartean. Perretxikoak nola prestatu izeneko ikastaroa da eta perre­txikoak prestatzen ikasteko aukera izango da izen haundiko sukaldari baten eskutik. Ikastaro hori urriaren 29an hasiko da eta azaroaren 26ra arte ostegunero izango dira klaseak. Ordutegiari da­­go­kionez, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara izango da, beraz, guztira 10 orduko ikastaroa da. Gazteleraz izango da. Apuntatu nahi duenak 44 euro ordaindu beharko du.


Helburua perretxikoekin plater goxoak prestatzea
Perretxikoak gustoko dituenarentzat aukera ederra izan daiteke ikastaroa. Hel­buruen artean egongo da pe­rretxikoak protagonista izan­da, plater ezberdinak prestatzea. Horrez gain, sal­tsa eta osagarri egokienak zein­tzuk diren ikasteko aukera izango da ahalik eta platerik goxoenak prestatzeko.


Programa zabala
Perretxiko mota ezberdinekin egindako errezetak eta teknika ezberdinak ikasi ahal izango dira ikastaroan. Besteak beste, honako platerak: Karraspinak foiez beteak, Gibelurdin konfitatuak, Onddoekin egindako carpaccioa, Xixa-nahaskia, gu­laz betetako perretxikoak, Esneardotsuaz salteatutako espagetiak, Saltzaperretxiko Xapo, langostino eta shitakeeekin egindako brotxeta, Onddo kroketak, Marasmio jangarriaz salteatutako ba­raz­­kiak, Xixa pudina, Gibel­urdinak plantxan...


Oilagorretako kotoa Leitzaranen
Leitzarango kotoan oilagorrak ehizatzeko aukera dago. Ho­rretarako, Txantxangorri el­kar­tean daude baimena es­ka­tzeko betebeharreko inprimakiak. Nahi duenak elkartetik pasatzea du inprimakia betetzera.


Sagardo lehiaketako afarian izena ematea
Txantxangorri elkartearen urteroko sagardo lehiaketa hilaren 25ean izango da, hau da, azken ostiralean. Aur­kez­tuko diren sagardoen ar­tean onena aukeratzeko afaria egingo da eta bazkideek izena emateko aukera dute datorren asteartera bitarte, hilaren 15era arte. Afaltzera joango den giltzadun bazkideak bi lagun eraman ditzake. Gaine­rakoek 16tik aurrera izango dute aukera izena emateko. Joan nahi duenak 25 euro ordaindu behar du. Lehiaketan 15 sagardok hartuko dute parte. Joan den urtean irabazi zuena ere izango da tartean; Zubietako Astiazaran, hain zuzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!