Peru Alfaro triatleta hernaniarrak hitzordu garrantzitsua izango du gaur. Donibane Lohitzuneko triatloian hartuko du parte. Gaurko frogak Espainiako txapelketarako prestatzeko balioko dio, datorren astean izango dena.
Punta-puntako triatletak aurrez aurre
Espainiako txapelketa izango da Peru Alfarorentzat urteko zita garrantzitsuenetako bat. Txapelketa datorren igandean izango da, hilak 20, Pontevedrako Cangas de Morrazon. Bertan egin beharreko proba ondorengoa izango da: 1.500m igeri, 40km bizikleta gainean, eta 10km korrika. Espainiako txapelketan, triatleta hernaniarrak modalitate honetan punta puntan dabiltzan kirolariak izango ditu aurrean, besteak beste, honakoak: Javier Gomez Noya, Ivan Raña eta Eneko Llanos.
Igeri eta bizikletan ondo
Triatloiak izaten dituen hiru probetatik, igeriketakoan moldatzen da ondoen Peru. Igerilari haundia da, eta horren adibide dira aurten lortutako emaitza bikainak; Getaria-Zarautz proban bigarren egin zuen eta Donostiako badian garaipena ere lortu zuen.
Bizikleta gaineko probetan ere, normalean 40 kilometrokoak, ederki moldatzen da hernaniarra. Bizikletan entrenatzen Hernaniko txirrindulari haundiekin ibiltzen da.
Korrikako proban moldatzen da kaxkarren. Proba honetan, onenen artean egon nahi izanez gero, 10 kilometroetan 32 minututik beherako marka egin behar da. Hain zuzen ere, hori izango da Alfarok datorren urtean izango duen helburua.
2010a kontsagrazio urtea
Atleta hernaniarrak datorren urtea, 2010a, espero du izatea triatloian kontsagratuko den urtea. Doan lekura joanda ere, Hernaniko enbaxadore izatea espero du. Bere helburuak izango dira Euskal Triatloi Zirkuitua irabaztea, Espainiako txapelketan goiko postuetan izatea eta Europako txapelketako probetan parte hartzen hastea. Bere ametsa berriz, Olinpiadetan parte hartzea da. Londresekoak goizegi izan litezkeen arren, 2016ko olinpiadak aproposak izango lirakete, hernaniarrak 30 urte izango bailituzke; triatleta batentzako adin egokia.
Babesle bila
Triatloia kirol garestia da, eta gaur egun, hernaniarrak, Atletico San Sebastianen laguntza besterik ez du. Kirol materiala, masajistak, entrenatzaileak eta abar berak ordaintzen ditu. Horregatik, babesle bila dabiltza, bere helburuak lortzen lagunduko diotenak; eta dagoeneko hasi dira herriko hainbat enpresekin hitz egiten.
Horrez gain, bere informazio guztia biltzen duen web orria ere jarri dute martxan, www.perualfaro.com.