Zer moduz joan zen igandeko saioa? Gustora lortutakoarekin?
Joseba: Guretzako oso ondo. Oraindik bizirik gaude, hamar segundotara daukagu bandera. Espero genuen ondo joatea eta ondo atera zitzaizkigun gauzak.
Arkaitz: Guk gure estropada egin genuenean ondo, baina ez genuen espero gero hurrengo tandakoek, azken finean, Kaikuk, hainbeste aterako zigunik. Zalantza horrekin gaude ea bihar zer egiten dugun, izan ere, espero genuen gertuago egotea banderatik. Hamabost segundotara gaude, baina nik uste ia ezinezkoa dela bandera irabaztea.
Unai: Gaizki. Hasieratik atzean geratzen hasi eta arraunketa ezin hartuz egin genuen estropada osoa. Igandean Oriok eman zuen maila ez da betiko maila izan, espero dut bihar beste maila bat ematea.
Iñaki: Ez zen gaizki joan, gu beste zazpi traineruak baino apalagoak gara eta diferentziak nabarmenak dira denborak ikusita. Baina lehenengoak minutu bat eta hamar segundo ateratzea edo Oriok eta Urdaibaik berrogei segundo ateratzea guretzat ez da asko. Gustora geratu ginen.
Nola ikusten duzue biharkoa, dena erabakita al dago?
A: Nik uste dut baietz. Castrok oso zaila dauka, Kaikuk irabaziko du. Eta Castrotik aparte gainerakoek ezinezkoa. Kontxan, lehenengo igandean irabazten duenak normalean bandera eramaten du. Pasa behar duena da itsaso oso txarra egotea eta iragarrita dagoenaren arabera, itsaso ona izango da.
J: Ez. Nik uste Castrok ez daukala hain zaila. Olatu batekin bost segundo atera daitezke. Guk bai, zaila daukagu, baina beraien artean ez dut uste erabakita dagoenik. Hala ere ilusioarekin goaz.
U: Nire ustez bi horiek eta San Pedro ere sartuko da, baina niretzako Kaikuk irabaziko du.
I: Nahiko nuke sorpresatxoren bat egotea eta San Pedrok irabaztea. Beraiek ere Castrok bezala aukerak dituzte oraindik. Hala ere Kaikuk zailena egina du eta beraiek dira faborito nagusiak.
Nolako itsasoa nahiago duzue bihar?
J: Itsaso barean hobeto moldatzen gara. Txarrean ez gara gaizki ibiltzen, baina beste batzuk hobeto.
A: Itsaso txarrarekin gauzak aldatu egiten dira. Orduan bai, bost segundo ez dira ezer. Kontxan aldeak errekuperatu izan direnean, itsaso txarrarekin izan dira, onarekin ezin da. Gure kasuan, ze aukera daukagun ikusita hobe itsaso txarra izatea. Pentsatzen dut Kaiku kenduta gainerako guztiek itsaso txarra nahi izango dutela sorpresak izateko.
U: Orain gauden bezala itsaso txarra nahiago dugu diferentzi haundiak ateratzen errexagoa delako, baina itsaso barearekin ere ez gara gaizki moldatuko.
I: Denboraldian zehar ligako estropadetan olatuak egon direnean aurreko postuetan ibili gara, esan daiteke ondo moldatu garela olatuetan. Dena dela, iganderako nahiago dut itsasoa bare egotea.
Zuen taldeetan gehienok bertakoak zarete. Kaikuk, berriz, diruarekin osatu du taldea. Zer iruditzen zaizue?
J: Niri ez zait gaizki iruditzen arraunlariei ordaintzea. Hori bai, talde horiek hala irabazten dute, ordaindutako jendearekin. Toki ezberdinetako arraunlaririk onenak hartu dituztelako. Kaikuk horregatik irabazi du, Castrok eta Astillerok beste urtetan bezala. Beraien kontra ibiltzea oso zaila da.
A: Kontua ez da erraza. Hemengoak beti ari gara negarrez, kanpokoek fitxatu egiten dutela, hemengoak hemengo jendearekin ari garela... Baina hor tranpa dago. Zer da hemengoa? Talde guztiek dauzkate herrikoak ez direnak. Talde bakoitzak ikusiko du nondik lortzen dituen arraunlariak. Batzuk ez daukate jende gazterik eta beste nonbaiten bilatzen dute eta zuzendaritzak dirua baldin badauka, beraiek ikusiko dute zertan gastatzen duten. Talde bakoitzak bere filosofia dauka.
U: Dirua duten bitartean ondo baina dirua bukatzean zer? Ez dakit, fitxaketa bat ala beste egitea ongi dago, baina nire ustez harrobia ere landu beharko litzateke gazteei aukera emanez.
Aurten Kontxako estropadetako maila igo egin dela uste duzue?
J: Nik uste urtetik urtera maila igotzen ari dela.
A: Nire ustez maila ez da igo. Gertatzen dena da orain urte batzuk bi traineru zirela nibel haundia zeukatenak eta orain berriz, gehiago dira nibela dutenak. Aldea estutu egin da. Orain estropada txarra egiten baduzu, pixka bat failatzen baduzu, asko atzeratzen zara estropadan, agian lau postu.
U: Bai aurtengo maila ikaragarria da pixka bat deskuidatuz gero traineru askok pasatzen zaituzte.
I: Bai egia da, sartu diren zazpi traineruak maila oso altua daukate. Eta ez beraiek bakarrik, kanpoan geratu diren beste batzuk ere oso ondo dabiltza. Hala ere, orain ere badaude bi hiru traineru beste guztien gainetik daudenak.
Zein helburu dauzkazue biharko?
J: Guk txanda irabazi nahi dugu eta gero etortzen dena.
A: Zaila dago Kaikuri irabaztea, baina ahal baldin bada txanda irabazi nahiko genuke. Orokorrean, guretik gertuen dagoena San Pedro da eta bere aurretik jartzen ahaleginduko gara nahiz eta oso zaila ikusten dudan itsaso ona emanda baitago.
U: Gure tanda irabazi eta ahal den posturik hoberena lortu.
I: Aurreko igandeko berbera; ahal den denbora gutxiena galtzea eta egin genuen denbora hobetzea. Arraunean dakigun bezala egiten badugu nik uste lortuko dugula.