BIGARREN Mundu Gerran asko izan ziren mugalariei esker salbatu zirenak. Comete Sareko mugalarien helburua zen naziengandik ihesi zijoazen iheslariei laguntzea. Horregatik, lan hori omentzeko, azken urteetan, urtero omenaldia egiten diete garai hartako mugalariei.
Hernaniko
lau mugalariei omenaldia
Mugalari horien artean asko euskaldunak ziren, eta tartean lau hernaniar ere bazeuden: Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu. Ikerketek diotenez, Goikoetxeak esaterako, 200dik gora pilotu eta agente aliatu pasa zituen mugaren alde batetik bestera. Mugalari hauen omenez oroitarria dago Osiñaga auzoan, Loidi parean, eta omenaldia bertan egingo diete, astelehenean, goizeko 10:15etan.
Comete Sarea
Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, Alemanen jazarpenetik ihesi zetozenek euskal muga gurutzatu behar izaten zuten. Bidean aurrera egiteko nazien aurkako hainbat talderen laguntza izaten zuten. Iheslarien helburua zen Gibraltar edo Afrika iparraldera iristea, handik Londres aldera itzuli ahal izateko. Comete Sareak, Donibane Lohitzunen eta Ziburun elkartzen zituen iheslariak. Han Askatasunaren bidea esaten diotena hasten zen, Bidasoa guratzutuz, muga zeharkatzen laguntzen baitzieten. Aurten 68 urte bete dira Comete Sarea sortu zela.
`Askatasun bidea´
Euskal Herrian zehar
Omenezko ibilaldia larunbatean abiatuko den arren, aurreneko ekitaldia ostiralean izango da, Cometearen lagunek antolatuta; Donibale Lohizunen, Baionan, Angelun eta Urruñan izango da.
Omenezko martxa Sokoan hasiko da, larunbatean, goizeko 09:00etan eta San Miguelera joango dira. Bertan parte hartuko dute ELMS-ko (Escape Lines Memorial Society) beteranoek, hauen senideek eta Comete Sarearen laguntzaileek. ELMS taldea sortu zen orduko laguntzaile eta mugalarien memoria jasotzeko eta laguntzeko.
Igandean martxak San Migueletik Donostiarako ibilbidea egingo du, eta ondoren Pasai Donibanetik Donibane Lohizunera joango dira.
Astelehenean Hernanira iritsiko dira, Donibane Lohizunetik autobusa hartuta. Ondoren, besteak beste, Donostian elkartu eta bazkalduko dute.