Donostia Zinemaldiari gainbegirada (2) Zinemira eta Zabaltegi sailak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 6a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

Joan den ostiralean bi atzera begirako sailak aztertu ondoren (Richard Brooks eta Frantses Zinema Berriena) gaur Zinemira, Euskal Zinemaren atal berria, eta Zabaltegiko atal desberdinak aztertzeko txanda da. Dato­rren igandean, berriz, Sail Ofizialean azpimarratzekoak diren filmak aipatuko ditut eta film gomendagarrien zerrenda labur bat egingo dizuet sarreren erosketa errazteko helburuarekin.

Ikusmira: Euskal Zinemari eskainitako sail berria
Donostia Zinemaldian Eus­kal zinemak izango duen lekua aurten zabalagoa izango da, eskeiniko zaion Ikusmira sail berriari esker. Orain arte euskaldunek ekoiztutako edota euskaldunek zuzentzen zituzten filmeei Zinemaldiak egun bat eskain­tzen zien, Euskal Zinemaren Eguna, eta filmeek saio bakar bat izaten zuten. Hemendik aurrera, zabaldu egingo dute eskaintza eta filmak ikusteko aukera gehiago izango ditu publikoak, euskal zinemaren eguna zena zinemaldiaren beste sail bat bihurtu baitute antolatzaileek. Bertan, aurtengo uztaren emaitza na­bar­menen artean aukeraturiko filmak bilduko dira. Sei estreinaldi daude Zinemiran aurten. Rough Winds, Estatu Batuetan ekoiztutako filma da baina Donostiako Andrea Olaba­rriak zuzendua; Gorka Ga­marrak Jean Marie Mbaru­shimana eta Sonia Rolley-ren laguntzarekin gauzatutako Umurage film dokumentala; Iosu Martinezek zuzendutako Itsasoaren alaba film interesgarria; Patxo Tellería eta Aitor Mazok batera zuzendu duten La máquina de pintar nubes dokumentala, Juan Miguel Gutierrezek zuzendutako Tabula Rasa (2004) eta Motema na ngai (2008); eta Arkaitz Basterraren Life and Film (The labyrinthine biographies of Vojtech Jasny) (Zinema eta bizitza, Vojtech Jasnyren biografia laberintikoa, 2009) Poloniako zuzendari xelebreari buruzko do­ku­mentala. Horrez gain badago azpimarratzeko filmerik aurten Zinemiran. Besteen artean, Roberto Gastónek zuzendutako Ander filma da nik azpimarratuko nukeena. Gastón­en filmak gizonen arteko amodioak Euskal Herriko nekazal inguruan sortzen dituen eragin emozional eta sozialak azaltzen ditu. Horretarako, Anderren, 40 urteko baserritar baten, historia ekartzen digu. Gastón­en lehenengo film ikusgarri hau aurten Berlinaleko Panorama Sai­le­an izan zen. Zinemiran, Kimuak 2009 programaren eskutik dirulaguntzak jaso dituzten laburmetraien lehen proiekzioa ere izango da, baina pro­fe­sio­­nalentzat bakarrik.

Zabaltegi: aniztasuna eta primerako filmak
Zabaltegi saila aurten ere hiru ataletan banatuta dago: Perlak, beste zinemaldietan ikusitako film nabarienak biltzen duten atala; Zuzendari Berriak, nazioarteko zuzendarien lehenengo edo bigarren lanak biltzen dituena; eta Bereziak, era guztietako filmak osatzen dutena: hala nola, epaimahaikidetako baten lanik berriena edota ezaugarri berezietako proposamenak aurkitu daitezke. Aurten eta momentuz hiru filmek osatzen dute atal hori: Hana Makhmalbafek zuzendutako Ruzhaye Sabz/ Green Days, Michael Wintter­botoomek Mat Witter­cross­ekin batera gauzatu duen The Shock Doctrine dokumental interesgarria eta Tom Dicillo zuzendari estatubatuar ezagunaren eskutik datorren When you’re strange: A film About The Doors, talde estatubatuar mitikoari buruzko ikerketa sakona. Makhmalbaf zuzendari iraniar gaztea da, eta gogoratuko duzue bere lehen filmari esker, Buda Collapsed Out Of Shame (Buda explotó de vergüenza, 2007) urte horretako Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuela, eta gainera, horri esker, banatzailea ere izan zuen. Esan bezala, aurten bere bigarren filmarekin dator, eta Iraneko egungo egoera eta, batez ere, aurten izan dituzten hauteskundeak zer nolako itxaropenak sorrarazi zituzten gobernuko aldaketaren alde daudenen artean azaltzen da, horretarako Hanaren istorioa konta- tzen digu. Guztiz gomendagarria. Wintterbotoom eta Wi­tterc­rossena, ordea, dokumental bat da. Milton Friedman-en teoria erradikalak abiapuntutzat hartzen ditu pelikulak; teoria horiek historia garaikideko hainbat gertaeretan zer nolako eragina izan duten adierazteko; hala nola, Pinocheten garaiko Txilen, Boris Yel­tsinen garaiko Errusian, Thatcheren garaiko Britainia Handian eta duela gutxi, Bushen Afganis­taneko eta Irakeko inbasioetan. Ezin­besteko filma da. Eta Berezien atalak osatzen duen hirugarren filma beste dokumental bat da. Tom Dicillok, Delirious filmarekin Zuzendari Onena­ren Zila­rrez­ko Maskorra irabazi zuen. Oraingoan, The Doors talde mitikoaren historia aztertzen erabili ditu indarrak eta maisutasuna. Baina horrez gain, laukotearen musikak eta haiek utzitako ondareak izan duten eragina agertzen ere saiatu da Dicillo. Perlen artean, azpimarra­tzeko filmak ugariak dira. Besteak beste, Michael Hanekeren Das Weisse Band (Zinta Zuria, 2009) aurtengo Canneseko Zinemaldian U­rrezko Palmorria lortu duena eta Urteko Film One­naren Fipresci Saria lortu duena. Txuri beltzez jantzi du Hanekek Lehe­nengo Nazio­arteko gerratearen zoriaren garaian kokatutako istorio gogorra eta iluna. Hanekek besteetan adierazitako maisutasuna (Funny Games, Benny’s Video) erakusten du oraingoan ere. Ikusi beharreko filma, nire ustez. Perlen artean beste film gomendagarriak: Jacques Audiard zinegile frantziarraren azken filma, Un Profhète, Can­neseko Zine­mal­dian E­pai­­mahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen filma; Five minutes Of Heaven, Oliver Hirch­biegelek Irlan­dako liskarra hartu du oinarri; Rachid Bouchareben London River, film aparta Berlinalen izan ziren kritikoen esanetan; Lee Daniels zuzendari estatubatuarraren Precious filma, aurtengo Sundanceko Zinemal­dian arrakasta izan zuena; eta, jakina, Inglorious Basterds, Tarantinoren azkena. Kasu honetan Taratino edota Brad Pitten jarraitzaile amorratua ez bazara, itxoitea gomendatzen dizut, hemendik gutxira estreinatuko baitute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!