Miguel Mari Urrutia eta Patxi Zeberio aurrez aurre izango dira gaur Casino Kursaal Torneoko finalean. Arratsaldeko 16:45etan izango da, Galarretan. Joan den urtean ere biak aritu ziren nor baino nor, txapela lortzeko lehian, eta azkenean, Urrutiak eraman zuen. Gaur bera aterako da faborito katedrarentzat, semifinaletan 35-33 irabazita Zeberio IIari. Dena dela Urrutiarentzat gehiegizkoa da katedrak bere alde duen jarrera. «Ez dut uste bion artean hainbesteko aldea dagoenik, gehiegizkoa iruditzen zait. Zeberio IIa erremontista haundia da eta kontuan hartu beharreko aurkaria. Partidu zaila espero dut». Joan den urteko irabazlearen esanetan, sakea erabakiorra izango da. Zeberio IIaren ustez ere, partidu gogorra izango da: «Bion arteko partiduak estuasun haundikoak izaten dira eta peloteo askokoak. Haustea kosta egiten zaigu».
Materialarekin gustura
Materiala ostegunean aukeratu zuten eta biak gustura geratu ziren. Urrutiak atzealdean jokatzeko asmoarekin lau pelota bereizi zituen. Zeberio IIak berriz, aurkaria peloteoan katramilatzeko asmoarekin egin zuen materialaren aukeraketa.
Ohiana Blancori omenaldia
Bide batez, Oihana Blanco judoka ergobiarra omenduko dute partiduan. Munduko txapelketan bigarren izan zen 48kg-tik beherako kategorian.