´Sindrome de Parker` bilatu dut medikuntzako hiztegi batean, eta hara zer esaten duen: ´Gibeleko, biriketako eta hezurretako tumore gaiztoa, maiz metastasiarekin...`
(Barrez hasi dira)
Alvaro Garaialde: Gaur deskubritu dugu hori esan nahi zuela...
Igor Zapiain: Berez, Sindrome de Peter Parker izan behar zuen, Spidermanengatik, badakizu; baina luze geratzen zen eta Sindrome de Parker jarri genion.
Eta zergatik Peter Parker? Komikia gustatzen zaizue?
I. Zapiain: Broma bat egiten genuen, ´Peter Pan-en Sindromea`rekin, eta azkenean Peter Parkerren Sindromea bihurtu zen.
A. Garaialde: Nahastu egin ginen hitzarekin behin, eta...
Nola sortu zenuten taldea?
A. Garaialde: Bera [Igor] eta ni gitarra jotzeko geratzen ginen. Gero beste gitarra sartu eta ni baxuarekin hasi nintzen. Horrela pasa genuen bolada bat, kale itsu batean sartuta...
I. Zapiain: ... benetako bateria bat eduki genuen arte.
A. Garaialde: Aurretik jotzen genuen, baina kontua zen... Geratu, pixka bat jo, zerbeza batzuk hartu... Lasai ederrean. Baina bateria bat taldean sartzeko aukera izan genuenean, beste dimentsio bat hartu zuen kontuak. Ze, lehenago, esango didazu: rocka egitea bateriarik gabe... Gainera, bateriarekin erantsita, lokala ere etorri zitzaigun. Beraz, dena perfekto: hor hasi zen taldea forma hartzen.
Geroztik zenbat denbora joan da?
A. Garaialde: Urtebete-edo...
I. Zapiain: ... bai, horrelako zerbait. Gertatzen dena da, hau [Juan Anza] hiru hilabetez Australian egon dela.
A. Garaialde: Sei hilabete edo daramazkigu entsaiatzen.
Juan Anza: Nik lehenago The Zepon jotzen nuen bateria, baina kontu pertsonalengatik utzi nuen. Orduan aukera izan nuen sindrome arraro hauetako bat izateko (barre egin dute denek).
Rocka egiten duzuela esan duzue. Baina rocka... gauza asko kabitzen dira hor. Esango zenidakete zein talde segitzen dituzuen?
J. Anza: Nik segitzen ditudan taldeak... Bueno, ez dute eragin handirik egiten dugun musikan: niri zarata gustatzen zait.
I. Zapiain: Bueno, baina... zuk honi jarri Metallica!
J. Anza: Bai, Metallica, Pearl Jam ere bai pixka bat, Nirvana...
I. Zapiain: 30 urte ditugu, eta jarraitzen dugun musika da, entzuten genuena potroetan ilea ateratzen hasi zitzaigunean (berriz ere barre egin dute).
A. Garaialde: Momentuaren arabera musika bat edo bestea entzuten duzu. Talde diferenteak eta estilo diferenteak gustatzen zaizkigu, eta ez dago bat, horrela, zehatza, esateko. Ekleksiakoak gara (barreak).
Entzundakoagatik, 1990eko hamarkadako rock alternatibo estatubatuarra etorri zait gogora...
A. Garaialde: Bai, izan liteke...
I. Zapiain: Noski, normala da: 80eko hamarkadaren bukaera, 90ekoaren hasiera... Gure adina da.
A. Garaialde: Eta, noski, ez dugu ezer asmatuko. Kanta guztietatik atera dezakezu talde baten edo estilo baten eragina.
J. Anza: Gauza bat badugu, hala ere, originala-edo: kanta guztiak gureak direla. Ez gara hasi zuzenean bertsioak egiten; hamaika kanta dauzkagu, eta denak dira gureak. Hori oso tipikoa izaten da hasieran: denak elkartu eta beste taldeen kantak jotzea.
Hasieratik zuen kantak egin zenituzten beraz.
A. Garaialde: Bai, ze, hemengo gizon hau [Igorrengatik], oso umea zenetik, kantak egiten ari da...
J. Anza: ... hori da, Hernanin eta beste talde batzuetan futbolera jokatzen ez duenetik...
A. Garaialde: Hamazazpi urte zituenetik ari da, eta zakuan 20.000 kanta-edo izango ditu. Kanta horietako batzuk ateratzen joaten da: ´Hau jotzeko proposatuko dut gaur`... eta horrela.
Igor da zuen Kurt Cobain partikularra.
A. Garaialde: Hori da...
J. Anza: ... edo Chigrinski (barre egin dute).
A. Garaialde: Taldean bera da kantak konposatzen dituena. Besteok gero ekartzen dugu gure...
I. Zapiain: ... gero hauek borrokan hasten dira.
Eta kanten hitzak ere zureak dira?
I. Zapiain: Bai. Hitzak egiten ditut eta gitarra akustikoarekin lagundu. Gero hauek... Elkarrekin borrokan egin eta kanta bat ateratzen dute hortik.
Oinarria akustikoa izanda, egiten al duzue parteren bat akustikoan?
I. Zapiain: Ez, baina, bueno, dena etorriko da.
A. Garaialde: Nik uste, 84. kontzertua egiten dugunean-edo...
J. Anza: ... kontzertu horretara iristen baldin bagara, klaro (barreak). Ez, baina serio, hauek egin nahi dute akustiko bat, momentua iristean. Hori egiten dutenean ni egongo naiz, ba... ez dakit, bazterretik begira-edo...
A. Garaialde: Jotzen duzun lekuaren arabera ere bada hori: leku batzuetan esaten dizute bateria ez sartzeko, multak jartzen dituztelako. Beraz, lekuaren arabera tokatu egiten da akustikoa egitea. Ez dugu baztertzen, denbora askoan hori egiten aritu baikara.
Kontzertuez ari garela: nola joan dira orain artekoak?
A. Garaialde: Ez, e... Bihar [atzo, irailak 5] da aurrenekoa. Rockaren munduan debutatuko dugu 30 urteren bueltan (barrez, tripak bota beharrean). Mundua aldrebes: normalean uzten duzun adina da, 20 urte dituzunetik ari zarelako borrokan, eta potroetaraino zaudelako, adin honetara iristean. Ba, gu orain hasiko gara.
I. Zapiain: Horregatik, ´Peter Panen Sindromea` daukagu.
Bale, orain ulertu dut! (Barre egin dute)
Ondo, ba... Kontzertuen panorama nola ikusten zenuten galdetu behar nizuen, baina..
I. Zapiain: Honek [Juanek] esango dizu, lehenago ere aritutakoa da.
J. Anza: Asko mugitu behar duzu, eta guk badaukagu handicap bat: ez daukagula ezer grabatua. Eta, CD bat-edo ez baldin badaukazu, kontzertuak lortzea zaila da. Jo nahi duzun lekuetara joatean, eskatzen dizute CD bat, entzuteko nolako musika egiten duzun. Orain daukagu intentzioa zerbait grabatzeko. Zer edo zer, gutxienez hiru kanta, CD bat egiteko, edo...
A. Garaialde: Edo MySpace-an zintzilikatzeko.
J. Anza: Nik zortea daukat, lagunak dauzkadalako taldeetan-eta. Adibidez, The Zepokoei eskerrak eman behar dizkiet emandako laguntzagatik. Horri esker gauzak lortzen dituzu, baina zaila dago gauza.
Internetek laguntzen du? Badaukazue MySpacea?
A. Garaialde: Egingo dugu. Kanta bat daukagu grabatua, gurekin lokala erdibana daukan batek lagunduta.
J. Anza: Gonzalo, gure produktorea...
A. Garaialde: ... kobratzen dugunaren %20 eramango du... (barreak). Bueno, ba ideia da berarekin kanta gehiago grabatzea, hiruzpalau gehiago-edo, eta MySpace orri bat egitea, horrela zerbait edukitzeko, mugitu ahal izateko. Aberasteko asmorik gabe, zerbezak ordainduko dizkiguten esperoan.
J. Anza: Niri, Kas Naranjak.
I. Zapiain: Bateria heavy bat daukagu, eta Kas Naranja besterik ez du edaten, ez da drogatzen... Erre ere ez du egiten eta! Gero esango dute heavyak gaiztoak direla... (barreak).