14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat talde berria izango da aurten

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 5a, 02:00

KIMONOAK prestatzen ha­siak dira dagoeneko judoko ikasle eta irakasleak. Aurten gainera, ohiko taldeez gain, heldu eta umeez gain alegia, talde berria sortuko dute kiroldegian, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, astearte eta ostegun arratsaldetan bilduko dena.

14-18 urte bitartekoentzat
Entrenatzaileen esanetan, gazte horietako asko judo egindakoak dira baina une batean utzi eta, aurrerago gogoa izanagatik, ez dira animatzen, ez dutelako beren burua umeen artean ikusten, baina ezta ere helduen taldean. Horientzako bereziki ikastaro berria antolatu dute aurten. Astearte eta ostegunetan izango da, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Izena emateko kiroldegitik pasa besterik ez dago.

Helduak astelehenean
Judoan aritzen diren helduak astelehenean hasiko dira, hilaren 7an, eta astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan ariko dira, arratsaldeko 20:00­etatik 21:30etara. Talde beteranoa da baina eskuzabalik hartzen dute jende berria. Asteko egun bakoitzean gau­za ezberdinak egiten dituzte, batzuetan defentsa pertsonalekoak, beste batzuetan ariketa fisikoak egiten dituzte, besta batzuetan konpetitzeko formazioa egiten dute eta abar. Beraz, behar guztiak asetzeko moduko ikastaroa dute. Jone Irastorza eta Ismael Mateo irakasleen esanetan, «helduak oso gustora daude, eta probatzen duenak jarraitu egiten du».

Haurrak hilaren 21ean
Haurrak berriz, hilaren 21ean hasiko dira, ikasturteari mar­txa hartu eta gero. Astearte eta ostegunetan arratsaldeko 17:15etatik 18:10etara ariko dira (2003 eta 2002an jaioak) eta 18:10etatik 19:05etara (2002 eta 2001ean jaioak). Astelehen eta asteazkenero berriz, 17:15etatik 18:10etara ariko dira batzuk (2003 eta 2002an jaioak); 18:10etatik 19:05etara beste batzuk (2001 eta 2000an jaioak) eta beste batzuk 19:05etik 20:00etara (1999, 1998 eta 1997an jaioak). Izena eman nahi izanez gero, kiroldegira jo behar da.

Neurri neurriko kirola
Entrenatzaileek esan dutenez, judoa kirol egokia da oso, gorputz osoa erabiltzen baita, lasaitzeko ere ona delako, eta adina eta nahiaren arabera egokitutako ariketak egiten direlako. Esate baterako, batzuk de­fentsa pertsonalerako prestatzen dira baina beste batzuk sasoian mantentzeko egiten dute. Ume txikiak erakustaldiak egiten dituzte eta oso gustokoa dute, «lurrean eta denbora asko ematen dutelako jolasten eta entrenatzen». Gainera «bikoteka egiteko ki­ro­la da eta kideak eta biak as­ko ukitzen dute elkar eta hori gustokoa dute umeek». Ho­rregatik adierazi dute irakasleek «gure taldeetan behintzat oso giro ona dugu».

Gerriko Beltza
Judoan 7 gerriko daude, eta beltza da estimatuena, edo behinik behin, ezagunena. Gerriko Beltza irabazteko ordea, aurretik honakoak behar dira: txuria, horia, laranja, berdea, urdina eta marroia.
Dan mailak
Behin Gerriko Beltza jantzita ordea, maila asko daude, pertsonaren formazioa, es­pe­rientzia eta abarrei esker lortzen direnak. Guztira 10 Dan daude eta kiroldegiko irakasleak badituzte batzuk; Jone Irastorzak 4garren Dan-a du eta 5garrena lortzeko bidean dago; Is­mael Mateok berak ere 3garren Dan-a du eta 4ga- rrena lortzeko bidean da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!