Euskara ikasteko aukera zabala eskainiko dute aurten ere herriko euskaltegiek

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 5a, 02:00

beti da garai ona euskara ikasteko, eta orain da garaia izena emateko. Euskara ikasi nahi duenak bi aukera behintzat baditu herrian: udal euskaltegia eta AEK euskaltegia. Biak ere luzatu dute datorren ikasturteko eskaintza, zabala eta behar guztietara egokitua.

Udal euskaltegia
Udal euskaltegian beti beza­la, euskara ikasteko aukera eskainiko dute, astelehenetik ostegunera, goizez, arratsal­dez edo gauez, egunean bi orduz. Ikasleak tutorea ere izango du bazterrean bere premiak eta zalantzak ase­tzeko. Guraso eta merkatarien­tzako propio prestatutako ikastaroak ere emango dituz­te, hauei egokitutako ordute­gian, 14:30etatik 16:30­etara, umeak eskolan dauden bitar­tean, eta dendak itxita dau­den bitartean, alegia. Astean 6 orduko eskolak izan­go dira, 3 egunetan har­tze­ko, bi ordu egun bakoi­tzean. Autoikaskuntza zerbitzua ere badute, ikasle bakoitzak bere erritmoan eta bere gisara lan egin dezan, beti ere tutorearen laguntzarekin. EGA bezalako azterketak prestatzeko talde bereziak ere badira udal euskaltegian. Horrez gain, erabilera sustatzeko hainbat jarduera ere egiten dituzte, esate bate­rako, asteburuko barnete­giak, tailerrak eta hitzaldiak.

Izena emateko epea
Izena eman nahi izanez gero, edota informazioa nahi izanez gero, udal euskaltegira (anbulatorio zaharrera) jo besterik ez dago. Hilaren 25a baino lehen eman behar da izena, honako ordutegian: goizez 09:30etatik 13:30etara eta arratsaldez, 16:30etatik 19:30etara. Telefonoa ere eman dute, 943 331 896 eta baita helbide elektronikoa ere: euskaltegi@hernani.net.

AEK-k txupinazoa igandean
Jendea hasia da AEK-ra hur­biltzen izena ematera baina ofizialki bihar emango diote hasiera matrikulazio kanpai­nari, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldiaren ondo­ren. Pailazoek bukatzean hitzordua jarri dute AEK-ko kideek Atsegindegin bildu eta matrikulazio kanpainako txupinazoa botatzeko. Txupi­na­zoaz gain, sorpresaren bat ere prestatu dute bertara hurbiltzen direnentzat. Porro­txek berak, eta besteak beste, beren kolore­tako munduan euska­rak duen garrantzia azpima­rratu zuen eta dei egin zien bereziki gu­rasoei euskaraz bizi daitezen, «umeek zer ikusi hura ikasi egiten baitute».

Hernanin eta Astigarragan
Astelehenetik aurrera beraz, AEK euskaltegietako ateak irekiak egongo dira. Herna­niko Larramendi kaleko 11ra jo besterik ez dago, edota As­tigarragako kultur etxera, ho­na­ko ordutegian: 09:00­etatik 13:00etara eta 17:00­etatik 20:00­etara.

AEKn ere eskaintza zabala
AEKn ere eskaintza zabala prestatu dute ikas­turterako. Euskara ikaste­ko maila guztiak dituzte, goiz, eguerdi eta arratsaldez, astean bi, hiru, edo lau egunetan joanda. Autoikaskuntza zerbitzua ere badute, ikasleak bere gisa lan egin dezan, tutorearen lagun­tzaz. Azterketak egiteko ere prestatzen dute jendea, EGA eta oposaketetako eus­kara azterketak egiteko, esate baterako. Ikasleek lasai arraio hitz egin eta praktikatzeko Mintza­gunea dute, baita Zalantza­gunea ere, zalantzak eta galderak argitzeko. Horiez gain, asteburuko barnetegiak, irteerak, ekintzak eta abar antolatzen dituzte, ikasleak lotsa galdu eta euskaraz aritzeko. AEK-k Zilegi Eskolak antolatzen jarraitzeko asmoa du, ikasleek eta inguruko jendeak aukera izan dezan euskaraz egin eta entzuteko kontu interesgarriak ikasiz bide batez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!