Senide eta lagunentzat errespetua eskatuz kontzentrazio jendetsua egin zen ostiralean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta. Urteak daramazkin presoen aldeko kontzentrazioa egiterakoan, aurreko asteko ostiralean Ertzainek izan zuten jarrera salatzeko deitu zuten kontzentrazioa. «Pankarta kendu eta gure seme/alaben argazkiak bahitu dituzte», adierazi zuten, eta guraso baten hitzak ekarri zituzten gogora: «berriro sartu dituzte kartzelan». Senideen izenean esan zuten beti jarraituko dutela babesa eta maitasuna ematen, arazoa ez direla argazkiak baizik eta Espainiako estatuarengandik jasaten den ukazioa, eta aldarrikatzen dutena legedia eta giza eskubideak betetzea dela.
Asmo horrekin, ostiraletan mobilizazioak egiten jarraituko dutela gaineratu zuten eta parte hartzeko gonbidapena luzatu diete hernaniar guztiei. Horrez gain, adierazpen askatasun eskubidea aldarrikatu nahi dutela adierazi zuten, «argazkiak ezin badira jarri, Euskal Presoak eta Iheslariak Etxera dion ohiala jartzeko deialdia luzatzen dugu, oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko, ideiak eta elkartasuna ezin direlako debekatu».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!