osasun eta Gizarte Ongintzarako Sailak Hernaniko Drogamenpekotasunen Prebentziorako Toki Plana berritzeko asmoa azaldu du. Ongintzaren arabera, «drogamenpekotasunen fenomenoa oso aldakorra da eta aurretik jarritako proiektu eta ekintzak tarteka aztertu eta ebaluatu egin behar dira, ondoren, beharrezko aldaketak egin eta errealitatera egokitzeko». Azken helburua da bizi kalitate hobea duen udalerria lortzea, sailaren esanetan.
Guztien ekarpenak kontuan
«Drogamenpekotasunak Hernaniko biztanle guztiok kezkatzen gaitu, eta denok egin ditzakegu ekarpenak gure esperientziatik, laneko ikuspuntutik eta gizartean dugun eginkizunetik abiatuta, baita agente prebentiboak garen aldetik ere», nabarmendu du Ongintzak. Hori dela eta, Plan berrian sartuko diren aldaketetan, Hernaniko gizarte bizitzan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo guztiek egindako ekarpenak izan nahi dituzte kontuan, hau da, Udal Plana egin nahi dute.
Lan-taldea osatzeko asmoa
Aipaturiko partaidetza lortzeko, lan-taldea osatzea erabaki du Ongintzak. Talde hori Planaren berrikuntzaz arduratuko den teknikoaren ardurapean egongo litzateke. Beraien esanetan, honako taldeak osatuko dute lan-taldea: osasun, gizarte ongizate, kultura eta gazte arloko udal teknikariak. Arlo horietako arduradun politikoak eta gizarteko ordezkaritza zabala izango dira (ikastetxeak, osasun zentroak, gazteak, udalerriko elkarteak...).
Elkarlana bultzatzeko
hiru bilera
Elkarlan horri hasiera emateko hiru bilera antolatu ditu Ongintzak. Bertan gai hauei buruzko hausnarketa egingo dute: drogak, lotzen zaizkion faktoreak, esparru legala, prebentzio estrategiak, toki plana, faseak, martxan jartzea...
Bilerak irailaren 24an eta urriaren 1 eta 8an egingo dira Biteri Kultur Etxean, goizeko 09:15etan. Bileretara zenbat pertsona joango diren jakiteko, deitzeko eskatu du Ongintzak, irailaren 18a baino lehen. Telefonoa da 943 557 854. Bulego orduetan, 09:00etatik 13:30etara deitu behar da eta Izaskun Oronoz gizarte laguntzaileataz galdetu.