San Juan Txikiak beti bezain haundi portatu dira, hiru egunez, Portun

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 31a, 02:00

Hiru egun eder pasata agurtu zituzten atzo Portuko San Joan Txikiak. Pelotan Ojuel nagusitu zen, aizkoran Nazabal, eta musean Igor eta Alberto.

Ostiralean hasi eta igandera bitarte, bapo pasa di­tuz­te San Joan Txiki jaiak Por­tuko bizilagunek. Egural­diak eta jendeak lagunduta, aitzakia gutxi izan dute festa-zaleek jaiaz gozatzeko, eta orain datorren urteari begira egon beharko dute, abuztuko azken asteburua noiz iritsiko.

Txokolatea eta sagardoaren artean, pelota partidua

Atzo txokolate beroa hartuta hasi zuten eguna goiztiarrenek, gautxorien lagun­tza­rekin. Dianak eta txistulariek mugituarazi zituzten gainerakoak, eta hildakoen aldeko mezaren ondoren, urteroko pe­lota partidua izan zuten.
Hirugarren urtez, Portu au­zoko Ojuel eta Her­na­nitik jai­tsitako Al­va­rez izan ziren aurrez aurre. Alva­rezek erakutsia du bere abilezia koadro motxetan, baina Portuko mutilak ez du kontrariorik. Hanka nekaezinak eta punteria fina azaldu zituen be­rriz ere etxekoak.  Hiru­ga­rren ur­tez, Ojuel nagusi, 22-16.
Eula, Olaizola, Iparra­gi­rre, Otsua-enea, Elorrabi, Itsas­buru, Rufino, Alberro, Altzueta eta Oialume-Za­rre­ko sagardoa ederki estimatu zuten eguerdian Portura gerturatutakoek. Pintxo eta trago artean, Portuko festetan beterano bihurtu diren bi bertsolari aritu ziren kantuan, Hernaniko Iñaki Ze­laia, eta Astigarragako Agin Rezola, biak ere Hernaniko bertso eskolakoak.

Herri bazkaria
eta herri kirolak

Toka eta bote txapelketak izan zituzten ondoren, eta jendea gosetzerako, bazkaria prest zuten. Dantzan egin zuten digestioa. Funky eta Batuka taldeak ikusi, Ainara Dantza Eskolaren eskutik, eta ondoren nahi zuenak dantza saio librea egin zuen.
Herri kiroletan, bi gaztek desafioa jo zioten Nazabal txapeldunari: Amillano al­tsa­suarrak eta Dorronsoro zeraindarrak. Hiru saiotatik bat irabazi zioten, baina txapeldunak ez zuen atzo ere hutsik egin.
Azken pausoak Laket taldearekin eman zituzten, eta esprinean, zezen suzkoa, eta azken traka.
Bestalde, ostiraleko mus txapelketa Igorrek eta Alber­tok irabazi zuten. Bigarren Goi­koe­txea anaiak geratu ziren. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!