Aurtengo Donostiako Zinemaldiari gainbegirada (1)

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 28a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’ Irailaren 18an hasiera emango diote zinemaldiko aurtengo edizioari. Zortzi egunetan zehar Donostia izango da munduko zinemagintzaren hiriburua. Krisia dela eta, aurten egun bat gu­txiago izango du zinemaldiak. Hala eta guztiz ere, izugarrizko aukera izango dugu egun egiten den zinemagintzaren gaiak, kezkak eta ardatzak zeintzuk diren ezagutzeko. Eta izugarrizko aukera ere kalitatezko filmeak dastatzeko. Aurten lehenengo urratsa atzera begirako sailen mamia aztertzea izango da, eta esandako moduan, aurten Richard Brooks zuzendari eta gidoilari estatubatuarrari eskaini diote zuzendari klasikoaren txokoa. Gai tematikoko atzera begirako sailak, ordea, Frantziako Zinema Berriena hartu dute abiapuntutzat Donostia Zinemal­diko antolatzaileek.

ATZERA BEGIRAKO KLASIKOA: RICHARD BROOKS
Aurten zinemaldiko antola­tzaileek erabaki dute klasikoen atala Richard Brooks zuzendari eta gidoilari estatubatuarrari eskaintzea, gustu paregabea adieraziz nire ustetan. Cat on a Hot Tin Roof ( La gata sobre el tejado de zinc, 1958) eta Sweet Bird of Youth (Dulce pájaro de juventud, 1962) pelikulen zuzendaria (Filadel­phia 1912, Beberly Hills, 1992) beti gogoratuko dugu idazle ezagunen lanak zinemara egokitzeko orduan adierazitako trebeziarengatik. Alde horretatik badauka antzekotasunik David Lean zuzendari britainiarrarekin. Baina Leanek zinema handia edo superprodukzioak zu­zen­tzeko maisutasuna adierazi bazuen, Brooksek zinemagintzako historian bere lekua du aktoreak zuzentzeko adierazitako trebeziarengatik. Elizabeth Taylor, Cary Grant, Humphrey Bogart, Paul Newman eta Jean Simmons dira, besteen artean, bere eskuetan interpretazio bikainenak lortu dituzten aktoreak. Halere, artista ospetsuekin lan egiteaz gain, Brooksek lehenengo rol garrantzitsuak eman zizkien aktore berri eta ezezagunei, Sidney Poitier gaztea zuzendu zuen Blackboard Jungle (Semilla de maldad, 1955) filmean, esaterako. Baina adierazitakoaz gainetik, Richard Brooks Estatu Batuetako politikaren eta gizartearen aztertzaile zorro­tza izan zen, haren filmeek garrantzi berezia izan bai­tzuten arrazakeria eta hezkun­tza arazoak salatzeko 50 eta, batez ere, 60 hamarkadako urteetan. Urte horietako Estatu Batuetan lana egiten zuten zinegileen ezkerraldean kokatu zuen bere burua Brooksek. Ildo horretatik abiatuta, Brooksen zinemak beti islatu izan zuen egile independienteen eta Holly­wood­eko estudioetako sistemaren arteko tirabirak. Bai­na Brooksen zinema ez zen esate baterako, Samuel Fuller, Robert Aldrich, Nicholas Ray, Richard Fleischer edota Don Siegelek egindakoa bezala. Brooksek saiakera galanta egin zuen Estatu Batuetako zinemaren ibilbidea alda­tzen, bai gaien aldaketaren bidetik, baita zuzentzeko moduan ere. Besteen artean, zinemaldiak eskaintzen digu La gata sobre el tejado de zinc, Dulce pájaro de juventud edota A sangre fría bezalako filme ospetsuak bezain bikainak pantaila handian eta azpitituloekin ikusteko aukera paregabea. Baina baita bere lehenengo filmeak ( Crisis, The light touch, Deadline U.S.A.) guztiak 50 hamarkadan zuzenduak, edota Brooksek gidoilari gisa gauzatutakoak: Batzuk ospe­tsuak (John Huston-ek zuzendutako Cayo Largo, esaterako) eta besteak ez hain ezagunak (Robert Siodmarken La Reina Cobra). Ez dugu aitzakiarik ez dastatzeko baten bat...

ATZERA BEGIRAKO SAIL TEMATIKOA: FRANTZIAKO ZINEMA BERRIENA
Europako oso zinemagintza gutxi dira egun Frantziakoa bezain aldakorra eta era berean, anitza. Nouvelle Vague mugimendu zinematografiko iraultzailearen atzetik jarrai­tzaileak etorri dira, alde batetik; eta joera zinematografiko horrekin hausten saiatu direnak, bestetik. Azken batean, hausten saiatu direnak, birziklatzaileak, manieristak eta erradikalak dira zuzendari gazte talde hori osatzen dutenak. Denek baitute beren aho­tsa eta guztiak dira Frantziako azken hamarkadaren isla. 60 hamarkadako Nouve­lle Vaguen joeraren diktadurak eragindako korronte zinematografikoaren partaideak bildu nahi izan ditu aurten Donostiako Zinemaldiak. Korronte horiek hainbat modutan berritu baitute Frantzian egun egiten den zinema. Nouvelle Vague osatu zuten zuzendari ezagunenak -Go­dard, Truffaut, Rivette, Rohmer eta Chabrol- zuzendari izan aurretik kritikariak izan ziren, eta 40 eta 50eko hamarkadetako Frantzian egin­dako zinemaren eredua zalantzan jarri zuten. Baina az­ken belaunaldi horren zuzendarien jarrera ez da Nouvelle Vaguek osatzen zutenek adierazitakoa bezain argia. Batzuk iraganeko ko­rron­teak abiapuntutzat hartu dituzte. Beste batzuk, aldiz, korronte horiek gaitzetsi egin dituzte. Bukatzeko, hor dituzue gomendio batzuk. Erne ibili eta ez galdu Laurent Canteten Ressources humaines izeneko maisulana, Eric Zoncaren Le petit voleur filme zoragarria, Gaspar Noék zuzendutako Irréversible filme polemikoa... Eta izan kontuan honako izen hauek: Marina de Van, Claire Denis, Arnaud Desplechin edota Bruno Dumont.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!