Orain dela hiru aste, Santa Barbaratik Izpizua kaletik behera ura eramaten duen tuberia lehertu egin zen. Elkano kalearen parean izan zen, zehazki Urumea ikastola eta Irigoyen-Etxebeste farmaziaren artean. Tuberia horrek ura galtzen zuenez, Santa Barbara depositoa hustu egin zen. Beraz, Santa Barbara depositotik aurrera ura hartzen duten etxe guztiak urik gabe geratu ziren. Ia herri osoa. Orkolagako depositotik Plaza Berrirainoko bide horretan daudenak, berriz, ez. Ricardo Del Pozo Hernaniko Argi eta Ur Zerbitzuburuak Kronikari azaldu dionez, tuberia hori zaharra da eta aldatu egin behar da. Urrian aldatuko da gutxi gorabehera. «Urri arte itxoingo dugu bide gurutze hori oso garrantzitsua delako momentu honetan. Izan ere, Orbegozoko zubian obretan ari dira eta ondorioz, jendea herrira sartzeko, bide gurutze honetatik ibiltzen da. Orbegozoko obrak bukatu arte itxoingo da. Behin obra egiten hastean, segituan konponduko da. Aste bete iraungo du gutxi gorabehera. Dena dela, orain ez dago arazorik, jende guztiak du ura», gaineratu du Del Pozok. Hernanin, eta gaur egun ia herri guztietan, udal tuberiek sare bat osatzen dute eta ura eraman daiteke alde batetik edo bestetik. Tuberiek balbula bat edo giltza bat dute eta tuberia bat puskatzen bada, kasu honetan bezala, giltza hori itxi egiten da eta urak beste bide bat hartzen du. Posible da alde batetik edo bestetik ura eramatea.
Material hauskorra
Ur tuberia gaur egun burdinezkoa izaten da, baina oraindik leku batzuetan fibrozementuzko edo uralitazko tuberiak daude. Del Pozoren esanetan, uralita oso material hauskorra da, baina lehen, diruagatik normalean, hori erabiltzen zen. Horregatik eta burdinezko tuberia ez zegoelako hain garatua. «Adibidez, puskatu zen tuberia material horrekin egina zen eta Lizeaga auzoa ere material horretaz dago egina. Dena dela, proiektu bat egingo da dena berregiteko eta dena burdinezkoa izateko».