Etxean iturria ireki eta ur txorrotada erortzen da goitik behera. Komuneko bonbari tiratzea ere nahikoa da urak berehala gure sobrak eramateko. Baina nondik eta nola iristen da ura gure etxeetara? Batek baino gehiagok pentsatuko du Añarbeko Urak hornitzen duela Hernani, eta ez dabil oker. Gutxi gorabehera Hernaniko %92a hornitzen du Añarbek. Baina Hernanik baditu iturburu propio batzuk ere eta bertatik ateratako ura ere erabiltzen dugu, Ricardo del Pozo Hernaniko Argi eta Ur Zerbitzuburuak Kronikari azaldu dionez. Iturburu horiek Aparrainen eta Landarbason daude. Aparraindik ateratako ura Ereñotzu eta Epele inguruetara iristen da eta Landarbasokoa Martindegiko zati txiki batera.
Añarbeko uraren ibilbidea Hernanin
Del Pozok azaldutakoaren arabera, Añarbeko Urak-ek Astigarraga inguruan duen araztegitik (depuradoratik) tuberia bat iristen da Zikuñagan dagoen Orkolaga ur biltegira, eta handik aurrera hasten da Hernaniko udalak duen ur sarea. Guztira 15-20 km tuberia ditu ur sareak Hernanin. Tuberiek bide ezberdina egiten dute eta dena lotuta dago.
Zikuñagako ur biltegitik tuberia bat iristen da herriraino, Plaza Berriraino. Tarte horretan beste tuberia batzuk ateratzen dira eta bertako auzoek eta kaleek zuzenean hartzen dute ura, esaterako, poligono industrialek hala nola, Lastaolak, Ibarluzek, Eziagok, Zikuñagako Papelera, Zikuñaga auzoak, Karabelek, Floridak... Atzietatik Plaza Berrira iritsi arte.
Hortik, Txantxillan dagoen bonbeo batera iristen da tuberia bat. Bonbeoaren bidez ura Santa Barbarako ur biltegira igotzen da. Handik tuberi bat ateratzen da eta Plaza Berriraino iristen da berriz. Hemendik hartzen dute ura Kale Nagusiak, Kardaberaz kaleak, kanposantu ondokoak... tartean ateratzen diren deribazio edo beste tuberia batzuen bidez. Osiñaga eta Portu auzora ere Santa Barbaratik iristen da ura.
Herriko iturburuetako ura
Esan bezala, Añarbeko ura da Hernaniko zatirik haundienera iristen dena, baina ez herri osora. Epele, Ereñotzu eta Martindegiko urak herriko iturburuetatik datoz. Del Pozok hala azaldu dio Kronikari: «Alde batetik, Ugaldetxo gainean, Aparrainen daude iturburu batzuk. Han araztegi txiki bat ere badugu eta ur hori doa Ereñotzuko ur biltegira. Elizaren atzean dago hori. Fagollagan beste ur biltegi bat dago, Fagollaga jatetxearen gainean, hau da, Larregain sagardotegira doan bidean dago kurba batean eta hara ere iristen da». Aipatutako auzo horiek bertatik hartzen dute ura.
Xehetasun gehiago ere eman ditu Argi eta Ur Zerbitzuburuak. «Aparrainen akuiferoa dago, hau da, mendi barruan errio moduko bat eta han lau tuberia sartuta daude 100 metroko sakonerara. Handik ateratzen den ura kaseta batean biltzen da eta gero, tuberia batetik ura aipaturiko araztegira doa. Araztegi hori udalak duen araztegi bakarra da. 1992 urte inguruan egin zen».
Bestetik, Landarbaso kobazuloetan dago beste iturburu bat eta handik Juanantoneako ur biltegiraino iristen da ur hori, eta handik, Martindegi auzoraino. Hau da Hernaniko ur sistemarik zaharrena, Del Pozok azaldu duenez. Lehenengo egin zena.
Marrakaeneako depositoa
Del Pozok esan bezala, Santa Barbarara iristen da ura Txantxillako bonbeo bidez eta gero jaisten da herrira. Santa Barbarako jaitsierako tuberian deribazio bat dago, 20 metrotara, gutxi gorabehera. Harrobi inguruan. Hortik beste bonbeo batera joaten da ura eta bonbeo horrek Marrakaeneako ur biltegira igotzen du ura.
Marrakaeneako deposito horrek Jauregira, Galarretara, Cuesta de la Muerteko etxeetara, Galarretara... eramaten du ura. Eta baita Oriamendi azpian geratzen diren baserrietara ere, Del Pozoren esanetan.
Del Pozok Kronikari esan dionez, Marrakaeneako depositoa oso berezia da. «Ez du deposito itxura, baserri berri bat dirudi. 1998 urte inguruan egin zen eta depositorik berriena da». Bertako depositoak 200 metro kubiko ur biltzen ditu eta Santa Barbarakoak 1500.
Bertako bonbeoaren eta Txantxillakoaren artean ere badira aldeak. Marrakaeneakoa 163 metroan dago eta Txantxillakoa 100 metroan. Bonbeo honek 80 metro igotzen du ura depositora, Txantxillakoak Santa Barbarakora, berriz, 40 metro.
Pardiolara ere Añarbetik
Pardiola inguruan Añarbeko deposito bat ikusi daiteke. Hernaniko Argi eta Ur Zerbitzuburuak esandakoaren arabera, ur biltegi hori Añarbek berak gestionatzen du. «Tuberi bat iristen da Altzueta, Iparragirre... pasata Elorrabiraino. Altzueta parean, badago bonbeo txiki bat eta bonbeo horren bidez eramaten da ura Pardiolako depositora. Deposito horretatik doa ura inguruko baserrietara: Pardiola goikoa, Pardiola behekoa...».
156.000 m3 ur uztailan
Hernaniko auzo, industriagune, kale eta etxe gehienek Zikuñagako Orkolaga depositotik banatzen den Añarbeko ura erabiltzen dutela kontuan hartuta, zenbat ur gastatzen da? Azken hilabetean, uztailan, esaterako, 156.000 metro kubiko erabili dira Añarbetik, Del Pozok azaldu duenez.
Kloroa 0.6ppm
Kloroaren kantitatea 0.6 ppm (partes por millón) izaten da. Kopurua 1.0ra iristen bada zaporea nabaritu egiten da. Añarbeko urak badakarki kloroa, baina bonbeoaren bidez ura depositoetara iristen denean kloroa galdu egiten du. Beraz, berriz botatzen diote. Ur biltegietan kloroaren kantitatea neurtzeko eta gehitzeko makina dago. Iturburuetatik datorren urari, berriz, garbitu ondoren botatzen diote kloroa.