‘Portal denek bi ate…’

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 28a, 02:00

‘Hernani partian’ atalean Kronikak ber­tso sailak eskaini ditu udaran, Hernaniko bertsolariek Hernaniri eta bertako gaiei buruz jarriak. Jendearen estimua eta bertsolari hernaniarren etorria ikusita, Kronikak asmoa du datozen hilabeteetan bertso sorta gehiago argitaratzeko, hilean behingo maiztasunarekin.

Ondorengo saila, 2003an jarria, Joxe Legarreta ‘Pepito’ zenaren omenez Ereñotzun eta Hernanin kantatu zen, eta Hernaniko Udalak argitaratu zuen liburuxka batean beste sail batzuekin. Sail hau Maialen Lujanbio bertsolariak jarria da.


I-Herri bat bada bere
zilborraren erdin
kanpoan famatua,
etxean ez berdin;
erdia euskalduna,
erdia etorkin;
haundi baina txikia;
gozo baina gordin…
portal denek bi ate
dauzkate Hernanin.
II-Neguko zoramena,
udarako pake;
sagardoaren kabi,
zuritoen parke.
Nafarroatik gertu,
Donostia maite;
mendiko haize berde,
papelerako ke…;
hemen portal guztiek
dauzkate bi ate.

III-Larunbata festa gau,
jaia festa oste;
kanpotarren pagotxa,
herritarren nahaste;
herri-bizi motela,
herri-gogor ospe;
igual bitxi izaki…
igual asko uste…
Hemen portal guztiek
bi ate dituzte.
IV-Naturzalea baina
zementuz jarria.
Bizimodu arrosa,
borroka gorria.
Maiz maitatua, ta maiz
gorrotagarria;
heldu eta gaztea;
zaharra ta berria…
portal denek bi ate
dauzkaten herria.

Egilea:
Maialen Lujanbio
Doinua:
Hamarreko txikia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!