Gorka Alda konpositore hernaniarraren lana bihar Hondarribiko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 27a, 02:00

gorka Aldak urteak daramazki musika eta konposizioaren munduan. 13 urte arte Hernanin bizitu zen, gero Donostian eta gero Frantzia aldera egin zuen. Orain han bizi da musika eta konposizioa ardatz dituela. Bere azkeneko konposizioa hain zuzen ere, zesta punta, musika eta dantza uztartuz egin du, frontoia eszenatoki bihurtuta. Hon­da­rribiko frontoia gogoan zuela egin zuen, «berria, oso polita, modernoa, harrizkoa... delako eta bere berde kolorea berezia delako». Bihar erakutsiko du Honda­rribiko Jostaldi frontoian, ha­rako propio egindako lana. Gaueko 22:00etan izango da. Sarrerak 10 euroan dira.

‘Hormen arteko oihartzunak’
Halaxe du izena bere lanak eta frontoiaren hutsunea aprobetxatuz egina dago, «beti gustatu izan zait frontoia, bere hutsunea, horregatik egin nahi izan dut frontoirako musika». Zesta punta bera «oso plastikoa iruditzen zait eta gustokoa dut». Bere proiektuan musikak, dantzak eta zesta puntak bat egiten dute, «bat dira, pelotariak esate baterako, musika egiten du bere oinekin». Proiektuan Mikel Aristegik lagundu dio, baita Mikel Egiguren eta Imanol Lopez pelotariek ere, beste kolaboratzaileez gain.

Umetan Tilosetako frontoian jolasten
Gorka Aldak ondo gogora­tzen ditu umetan frontoira joaten zireneko kontuak; «umetan Urumea ikastolan ibili nintzen eta orduan asko joaten ginen frontoira, eta gogoratzen dut orduan ere frontoia leku ikaragarria irudi­tzen zitzaidala, frontoiko espazioaren sentsazioa eta... agian ordutik ere badatorkit frontoiaren, bere soinuen, bere hutsunearen sen­tsazio hori».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!