«Bai irakurtzea, bai idaztea, niretzako hori da; beste bizitza batzuk bizitzeko aukera»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 26a, 02:00

Erika Elizari Salvador


Literatur lehiaketek eraman gaituzte zugana, baina zein da zure lanbidea? Zientzietako DBH-ko irakaslea naiz Ibarran. Orduan idaztearena hobby moduan daukazu?
Bai, erabat.

Denbora-pasa mo­du­ra. Lehiaketetan bakarrik aritzen zara ala libururen bat idatzi duzu?
Ez, bestela ez daukat argitaratutako lanik. Erabat afizionatua eta, kanpora begira, lehiaketetara bakarrik aritzen naiz. Lehendik ere ibilia naiz, baina aurten hasi naiz berriro ere. Orain dela hamabost bat urte dezente idazten nuen. Bolada bat izan nuen eta aurkezten nintzen, baina tarte haundi batean, hamabost bat urtez borobilduz, ez naiz lehiaketetara aurkeztu.

Uztailean Villa­bonako lehiaketako bi sari nagusiak irabazi zenituen eta otsailean ere Bergarakoan garaile izan zinen bigarren aldiz. Zaletasun horrek bereziki bolada ona dauka orain? Ala inspirazio berezia?
Bai. Suposatzen dut baietz, horrelako zerbait izango dela. Nik behintzat ez dakit beste azalpenik ematen. Sueltoan noizean behin bidali izan ditut. Bizpahiru urtetan ez, gero sueltoan beste behin bai... Beraz, bolada kontua izango da. Gainera, badirudi, lehiakiderik ere ez duzula; izan ere, bi sari nagusiak irabazi dituzu... Bai, kuriosoa. Horri ere ez diot azalpenik ematen. Ez dakit zer esan. Ez dakit orain zer nolako jendea aurkezten den, ez daukat nik kontakturik. Mundu honetan ni nire kabuz ibiltzen naiz. Ez dakit zeri erantzuten dion batek edo besteak.

Irabazi dituzun azken lehiaketak amodiozko gutunekin izan dira, baina beste testu mota batzuk idazten al dituzu?
Ez, lehiaketetarako ez. Orain­dik ez naiz hasi, baina agian animatuko naiz. Poesia, akzioa eta gutunak idazten ditut. Hau da, narrazio laburrak. Hori bai, momentuz behintzat, nobelak idazteko ez nago. Sarietara narrazio laburrak eta maitasun gutunak aurkezten ditut. Hala esan badaiteke, horretan espezializatu naiz.

‘Amets’ gutun sarituan honakoa irakurri dugu: «dena uzten dut gauerako, haren babesean eser-tzen bainaiz idaztera, asmatzera, bestela inoiz biziko ez nituzkeen bizitzak». Zuk ere gauean idazten al duzu? Pasarte horretan diozun moduan, beste bizitza ba­tzuk bizi ahal izateko?
Ba, bai. Harrapatu duzue hori. Azkenean, lanean ari baldin bazara, egunerokoak jaten zaitu. Ni behintzat, goitik behera. Horrela, patxada eta giro egokia aurkitzekotan, nire momentua gaua da. Gaua esaten dudanean, nahi adina esan nahi dut, edo gorputzak eman arte. Eta gero, literatura horixe da, edo nik behintzat horrela ulertzen dut. Hor dagoena, bete-betean asmatu duzuen bezala, hori nirea da. Baina beste guztia izan daiteke edo ez. Orduan, horrelako bideak hartzeko modu bat asmatzea eta imajinatzea da. Beraz, bai irakurtzea, bai idaztea, niretzako hori da; beste bizitza batzuk bizitzeko aukera.

Beraz, batzuetan irudimenak bultzatutako hitzak izaten dira, eta besteetan esperientziak bultzatutakoak ezta? Bien nahasketa agian?
Bai, ez dakit besteek nola egingo duten, baina bai. Inguruan ikusten duzuna, hedabideetan irakurtzen duzuna... Gure ingurua irudi poetikoak egiteko nahiko aproposa da: itsasoa, mendia... Nire lanetan beti agertzen dira. Hori konstante bat da, beti agertzen da, hori delako ikusten dudana. Baina bai, inspirazioa hortik, errealitatetik, norberaren bizitzatik, eta handik eta hemendik. Eta gero, imajinazioa, noski, baldin badago.

Bukatzeko, beste lehiaketaren batean parte hartzeko asmoa daukazu?
Bai. Niri, subidoiak eta bajoiak ematen dizkit. Aspaldian ezer aurkeztu gabe nenbilen eta sari bat jasotzeak motibatzen du. Azken finean non zauden jakitea da. Jende askok idazten du bere golkorako, baina ez baduzu kontrastatzen, ez dakizu zein mailatan zauden, edo barregarria den edo norbaiti interesatzen zaion... Nik zentzu horretan egiten dut; nire egoa alimentatzeko. Sari bat irabaztea bultzada bat da. Subidoi horretan lehiaketa baterako lan bat egin nuen, eba­tzi zen eta ez zuen ezer jaso. Orain beste deialdi baterako lau lan aurkeztu ditut: bi erdaraz eta bi euskaraz. Subidoiak eman dit eta irauten duen bitartean... Gero igual, denbora pila bat ezer egin gabe egongo naiz, baina oraingoz motibatuta nabil.

Orduan euskaraz, nahiz gazteleraz idazten duzu?
Erdaraz orain aurkeztu dut lehenengo aldiz. Tamainakoa eta aproposa iruditzen zaidan lehiaketa bat zegoen eta horri heldu diot. Baina lehenengo aldia izango da. Erdaraz poesia idazten dut, baina niretzako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!