Jaiak gaur bukatuko dira idi probako irabazlearekin

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 25a, 02:00

`ergobiko pobre de mi´ abestuta bukatuko dira gaur gaueko 02:30etan jaiak, baina aurretik egun osoaz gozatzeko aukera izango da. Eguer­dian, atzo hasitako Ergobia Saria Idi Probaren irabazlea zein den jakingo da. Atzo Errexilgo Uzkudun eta Igeldoko Olasagasti aritu ziren. 30 minututan 97 plaza, 3 zinta, 4 metro eta 85 zentimetro egin zituen Uzku­dunek. Olasagastik berriz, 69 plaza, 1 metro eta 10 zentimetro. Gaur Aiako Izeta eta Errenteriako Illarretaren idiek neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, sari banaketa egingo da. Bazkari ederra ere antolatu dute plazan bertan. 14:30etan izango da eta tartean, Modestok musika emanaldia eskainiko du.

`Erase una vez...´ ikuskizuna
Arratsalde partean pailazoek eta txarangak alaituko dute auzoa eta eguna eta jaiak bukaerara iristen doazela, ikuskizun paregabeaz goza­tzeko aukera izango da. Aurten `Erase una vez...´ ikuskizuna egingo dute. Ondoren, 02:30etan festei bukaera emateko `Ergobiko pobre de mi´ berezia kantatuko dute auzotarrek.

Izeta aita-semeen errekorra
Atzo arratsaldean herri kirolen txanda izan zen eta Izeta aita-semeek errekorra jarri zuten 100 kiloko zilindroarekin: 100 altxaldi 6 minutu, 55 segundu eta 79 zentesimatan egin zituzten. Horiez gain, ikuskizun ederra eman zuten Urdax harrijasotzaile gazteak, Perurena aita-semeek eta Aimar Irigoyenek. Jende asko bildu zen plaza berriaren bueltan.

Kabila edo Gurutzetako jaiak datorren larunbatean
Ergobiko jaiak gaur bukatuko dira baina Astigarragan festa giroak jarraitu egingo du. Izan ere, datorren larunbatean Kabila edo Gurutzeta auzoko festak ospatuko dituzte.

Ergobin gaur
10:00 Diana.
12:00 Idi probaren bigarren ekitaldia. Izeta eta Illarreta.
14:30 Bazkaria plazan eta musika emanaldia Modestorekin.
18:30 Potxin eta Patxin pailazoak.
19:00 `Incansables´ txaranga.
23:30 `Incansables´ txaranga.
00:00 Ikuskizun paregabea `Erase una vez...´.
02:30 `Ergobiko pobre de mi´.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!