Hernanin etxebizitzen prezioak jaisten doaz orokorrean dagoen joerari jarraituz

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 21a, 02:00

Aurreko urteetan izandako etxebizitzetako prezioen etengabeko igoeraren eta egungo krisiaren eraginez, etxebizitzaren salmenta asko gutxitu da. Hori horrela izanda, prezioak jaisten hasi dira. Her­nanik ere orokorrean da­goen joerari jarraitu dio herriko zenbait inmobiliariek esan­dakoaren arabera. Orain dela bi urtetatik ari dira jaisten etxebizitzen prezioak. Inmobiliarien arabera, bigarren eskuko etxebizitzetan izan da jaitsiera haundiena. Denbora honetan %15-25 artean jaitsi dira prezioak. Etxe berrien kasuan, prezioak ere jaitsi dira, baina gutxiago; %15 gutxi gorabehera. Hemendik aurrera ere, nahiz eta motelago izan, prezioak jaisten jarraituko dutelakoan dira. Dena dela, inmobiliaria baten arabera, oraindik agian pixka bat jaitsiko dira, baina ez askorik. Bere esanetan egonkortzen hasiko dira prezioak. Beste inmobiliaria batek, berriz, prezioak oraindik beste %5-10 egingo dutela behera uste du.

Metro karratuaren prezioa zehaztea zaila
Azken aldian, hainbat komunikabidetan azaldutakoaren arabera, Gipuzkoan metro karratua 4892 euroan dago, bataz beste. Metro karratuaren prezioa zehaztea, ordea, oso zaila dela azaldu diote Kronikari inmobiliariek. Etxebizitza guztiak ez dira berdinak, ezaugarri ezberdinak dituzte eta datu orokor bat ematea engainagarria izan daiteke beren esanetan. Izan ere, nahiz eta eraikin berdineko bi etxe izan, batek bista onak izan ditzake eta argitasun haundia eta besteak patiora eman. Edo batek kalefazioa izan eta beste batek ez. Tamainak ere zerikusi haundia du... Dena dela, gutxi gorabeherako datu batzuk eman ahal daitezke. Etxe berriei da­gokienean, pisu mota es­tandar baten metro karratua 4000 euro, zertxobait garestixeago, egon­go litzateke. Bigarren eskuko etxebizitza erreformatu eta itxuroso bat, hau da, 60m2, igogailu eta kalefazioarekin, argitsua... 3700 euro inguruan legoke metro karratua. Etxe txikiagoa izanda, metro karratua garestiagoa izaten da.

Alokairuak bere horretan
Alokairuaren prezioari dagokionez, zertxobait jaisten joan da, baina orokorrean mantendu egin dela azaldu dute herriko inmobiliariek. Izan ere, jendeak etxebizitzen prezio altuei ezin aurre eginda, jendeak alokairuan sartzea erabaki du. Bi gela, sala, sukaldea eta komuna duen pisu baten hilabeteko alokairua 650-725 euro artean dago. Hiru gelakoa, berriz, 700-850 euro artean.

Hernani, Urnieta eta Andoain pareko. Astigarraga garesti
Inguruko herriei erreparatuta, prezioak Donostiarekiko dago­en distantziaren arabera zehazten dira. Gero eta gertuago, gero eta garestiago. Hernani, Urnieta eta Ando­ain konparatuta, Her­nani izango litzateke garestiena, baina ez dago alde haun­dirik. Merkeena Ando­ain da eta tartean Urnieta dago. Astigarraga berriz, Gi­puzkoako herrien artean ga­restienetakoa da. Aurretik daude Donostia, Zarautz, Hondarribia eta Orio. La­sarte ere antzeko ibiliko litzateke.

Ergobian 105 etxe
salgai hitzarmen bidez jarritako prezioan

Ergobia Etorbidean, 105 etxebizitza egitekoak dira laister, eta dagoeneko zehaztu dituzte etxe horien prezioak. 185.000 euroan egongo dira salgai. Garajea eta trasteroa ere sartzen dira prezioan. Etxebizitza horiek hi­tzarmen bidez jarritako prezioa dute, honek esan nahi du, etxebizi­tza mota hauek babes ofizialaren eta etxebizitza librearen artekoak liratekeela. Halako motako etxebizitzen inguruko informazio gehiago nahi duenak Astigarragako udaletxean galdetzea besterik ez du. Asteartetik ostegunera dago aukera eta orduari dagokionez, goizeko 09:00etatik 13:30etara. Internet bidez ere lortu daiteke informazioa www.astigarraga.net helbidean eta telefonoz, 660702756 zenbakira deituta.

Hernanin lan egiten dutenek ere lehentasuna
Interesa dutenek eskaera egiteko aukera dute irailaren 8a bitartean. Astigarragako udal erregistroan egin behar da. Etxebizitzak zozketa bidez adjudikatuko dira. Zenbait baldintza betetzen dituzten interesdunek le­hen­tasuna izango dute eta horien artean sartzen dira Buruntzaldean lan egiten dutenak, beraz, Hernanin lan egiten dutenak ere bai. Horrez gain, logikoa den bezala, Astiga­rra­garekin lotura zuzena dutenek izango dute lehentasuna. Herrian bizi di­renek, bertan enpadronatuak dau­de­nek eta bertan lan egiten dutenek.
Izena ematen duten guztien artetik Astigarragako udalak aukeratuko ditu zeintzuk sartuko diren zozketan, baldintzak kontuan hartuta. Zozketatik kanpo geratuko dira 15 etxebizitza, obren eraginez zenbait bizilagunei etxebizitza berriak eman behar zaizkielako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!