«Guk nahi duguna jotzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 20a, 02:00

Nola sortu zenuten taldea?
Xabi eta ni (Jonander) sanba taldetik ezagutzen genuen elkar. Talde bat behar nuen bateria jotzen jarraitzeko eta Xabiri galdetu nion ea bera eta bere lagun batzuk prest egongo ziren talde bat sortzeko. Jabi abesten moldatuko zela eta Unai gitarra ikasten hasiko zela erantzun zidan eta hala, aurrera eraman genuen taldea.

Baina azken kontzertuetan bost kide aritu zarete.
Bai, Agus aritu da gurekin. Taldeak bajista behar zuen eta ezaguna genuenez fabore bat egiteko eskatu genion. San­dius­terriko kontzertuan jo ge­nuen elkarrekin lehenengo al­diz eta San Joanetan ere aritu zen. Orain, ordea, utzi egingo du, berak bere taldea du eta gainera berari gustatzen zaiona gitarra da. Beraz, bajista baten bila gabiltza.

Ze jotzen duzue, beste taldeen bertsioak edo zuen abestiak?
Orain ari gara saiakera egiten ea zerbait gurea sortzen du­gun. Baina bestela orain arte kontzertuetan beti beste taldeen abestiak jo izan ditugu. Gustatzen zaizkigun taldeen bertsioak. Berdin-berdin jo­tzen ditugu gainera (barrez).

Ze talde batez ere?
WarCry, Platero y tu, Marea, Su ta gar, Tierra Santa... Eta zein da gehien gustatzen zaizuen taldea? Batez ere WarCry, talde asturiarra. Txukun jotzen dute.

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez?
Ez, ingelesez ez. Nahikoa dugu euskaraz eta gazteleraz egitearekin.

Zuen foroan per­tsona batek dio ez duzuela heavy estiloa jotzen.
Berak esaten du heavya talde ingeles hauek, Iron Maiden eta guzti hauek direla eta guk gehiago hemengo taldeak jo­tzen ditugu. Euskaraz jotzen saiatzen gara eta euskaraz talde gutxi daude. Erdaraz ere jotzen dugu, baina berak esaten du hori dena ez dela heavya. Popero nazkagarriak garela dio.

Eta zuentzat heavya izatea zer da?
Besterik gabe, taldeak badauka zerikusia metal eta heavyarekin, izena hortik dator, baina gu ez gara berak esaten duen modu horretan kontsideratzen heavyak. Gainera, guk nahi duguna jotzen dugu. Agian estilo berri bat asmatuko dugu (barrez).

Non entsaiatzen duzue?
Musika Eskolan uzten digute lekua. Astean ordu bete, ordu erdi batzutan.

Udan asko entsaiatzen ari zarete?
Ez daukagu aukera asko. Lokalik ez daukagu eta Musika Eskola orain itxita dago. Nire (Xabi) osabak duen tailer batera joaten gara baina urruti dago eta kotxea behar da. Eta astegunean gu eramateko gurasoak okupatuta egoten dira eta horregatik gutxi entsaiatzen ari gara udan.

Entsaiatzeko lokalak ere badira.
Bai, baina horretarako talde bezala erregistratu egin behar gara eta izena eman udaletxean lokala lortzeko. Papeleoa eta kristoren gauza pila egin behar ditugu. Gainera, guztiak okupatuta daude...

Orain arte jo dituzuen bost kon­tzertuak Hernanin izan dira, ezta?
Biterin, Tilosetan, Atseginde­gin eta Sandiusterrin jo ditugu.

Azken kontzertua San Joanetan jo zenuten Tilosetan. Zer moduz joan zen?
Gustora, ederki joan zen. Gainera ekipoa eta dena utzi ziguten, argia... Kristorena izan zen.

Zerbait berezia prestatu zenuten?
Kanta berriak-eta prestatzen saiatu ginen, baina azterketetan ginen eta denbora gutxi izan genuen prestatzeko. Baina jendea asko animatu zen esaterako Javiren anaiak, Loretxo bat abestian alboka jo zuenean, eta baita lagun bat koroak egitera igo zenean. Oso ondo pasa genuen. Katxondeo pixka bat ere izan zen.

Jende asko beraz?
Bai, bai. Jendea hurbildu zen. Hala ere, agian gehiago egon zen Atsegindegin eman ge­nuen kontzertuan. Inauterie­tan jo genuen Aritz Sound Sys­temek antolatzen duen mo­zorro festan eta han kristoren jendetza zegoen ia Atse­gindegi osoa beteta.

Nola lotu dituzue kontzertuak?
Aritz Sound Systemen bidez eman ditugu kontzertu guztiak. Berari esker jo dugu beti.

Badaukazue asmorik herritik kanpo kontzerturen bat ematen saiatzeko?
Herritik kanpo agian Urni­e­tako festetan-edo halako he­rri­ren batean saiatuko gara. Galdetuko dugu.




`Beti Goruntz´ taldea
Hernanin bada beste rock talde hasi berri bat ere. Beti Goruntz taldea hain zuzen. 2007 urte bukaera inguruan sortu zen. Talde honetatik sortu dira Hernaniko Burrunba sanba taldea eta Met-heav. Beti Goruntzeko taldekideak Iosune Marin (gitarra eta ahotsa), Xabi Agirrezabala (gitarra), Iker Izagirre (teklatua) eta Jon Patxe (bateria) dira. Jotzen duten estiloa pop rocka da. Euren abestiak ere badituzte Iosunek eginak eta gehien bat horiek jotzen dituzte. Bestela, Ken 7 eta antzeko taldeen abestiak. Lehendik pare bat kontzertu edo eman izan badituzte ere, azken urte honetan Met-he­av-ekin eman izan ditu kontzertuak. Batera ibiltzen dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!