Bola-jokoa ez da punteri kontua soilik, ezta?
Kontuan hartu beharreko gauza asko daude. Gainera, barietate ezberdinak daude: iruzulo, bolo-palma, bola-toki... Gipuzkoan bola-toki jokatzen da eta hau da teknikoena. Bola-toki berdinean erabat ezberdin jokatu daiteke gaur eta bihar. Adibidez, bola-tokia mugitzea erabaki daiteke eta bidea aldatu mendia jarriz edo kenduz...
Eta gainerakoetan?
Nafarroan eta Iparraldean ez da jokatzen. Bizkaikoan, indarra-eta neurtu behar da, baina bola haundiagoak eta brila txikiagoak dira eta bola jaurtitzeko margen gehiagorekin jokatzen da. Arabakoa ere margen gehiagorekin jokatzen da.
Aurten Gipuzkoa mailan jokalaririk onena zarela erakutsi duzu. Euskadiko Txapelketan ere ez zara gaizki ibili.
Gustora nago egindakoarekin. Dena dela, desbentajan jokatzen dugu guk Euskadikoan.
Zergatik diozu hori?
Besteek amona ez dute finko mantentzen, lekuz aldatzen dute eta goizean iristen garen arte guk ez dugu jakiten non egongo den. Hangoek bai, eta aste guztia entrenatzen pasatzen dute, guk, aldiz, ezin dugu entrenatu. Gainera Bizkaikoen eta Arabakoen jokatzeko era oso antzekoa da eta elkarren aurka jokatzen dutenez, bola-tokiak ezagutzen dituzte. Guri hara joan eta entrenatzen utziko baligute, hobeto ibiliko ginateke. Beste urte batzuetan utzi izan digutenean, aurreko postuetan ibili izan gara Euskadiko Txapelketan.
Orain arte ez zara gaizki ibili, baina hainbeste garaipen sekula ez.
Kontua da txapelketak hasi eta eskua hautsi nuela. Operatu nindutenetik, lehen tiratzen nuen moduan tiratzeak min ematen dit oraindik eta beste forma batera tiratzen hasi naiz. Estiloa aldatu dudanetik hobeto nabil.
Aita ere txapelketetan sailkatua izan da; aurkari gogorra al da?
Bai, egia esan aita hobea da. Aurten ez du denboraldi ona egin, baina beti izan da hobea. Nik aurtengoa dut urte ona. 1992an ere izan nuen urte ona, aitarekin bikoteka irabazi nuen eta nire errekorra jarri nuen, baina aurten arte ez dut hainbesteko mailarik eman.
Zein da zure errekorra?
6 bolatan 40 brilarekin dut errekorra. Aurretik Urnietako Anjel Olazagirre zegoen eta marka hori egin nuenean, hura berdindu nuen.
Aitarengandik jaso duzu afizioa?
Bai, bera eta osabak-eta beti ibili izan dira bola-jokoan eta nik txikitatik ikusi eta jokatu izan dut.
Asko entrenatzen al zarete?
Batere ez. Beti esaten dugu «aurten bai, astean bitan edo entrenatzen hasiko gara», baina azkenean ezer ez. Eta entrenatuz gero, asko nabaritzen da. 92an aitarekin txapelketa irabazi nuenean eta errekorra jarri nuenean, orduan bai. Astean hirutan entrenatzen nintzen Xanti Gorrotxategi hernaniarrarekin eta beste ereñotzuar batekin. Txapelketa aurretik ere batzuk lehenago joan eta probatzen aritzen dira. Ni ez. Ez zait gustatzen egunean bertan entrenatzea.
Gipuzkoako modalitatean 9 brilak botatzea oso zaila omen da. Zuk ikusi al duzu inoiz?
Bai, bitan. Ni pribilegiatu bat naiz. Sorgintxulon, lehen bola-tokia zegoen tokian, Klaudio Esnaola hernaniarrak, eta Ereñotzun, Astigarragako Joxe Mari Etxebestek bota izan dituzte. Dena dela, beste hirugarren aldi bat izan dela ere esan izan didate. Entzunda daukat Nikolas osabak bota zituela Txuri-Urdinen.
Gazteak aritzen al dira hemen bola-jokoan?
Gutxi. Hernanin zenbait eskolatan haurrei erakusten hasi dira; Ereñotzun ez gara hasi oraindik. Beti esaten dugu hasi behar dugula, baina... Gainontzekoan, Ereñotzun, nire inguruko gazteek badakite jokatzen, bertan bola-toki berria egin zenean denei erakutsi zietelako, baina ez dute jarraitu. Hemen, umetan ikasi dutenak gero gaztetan ez dute jokatzen, baina 40-50 urte tarte horretan berriro hasten dira.
Semea ere baduzu, familiako afizioarekin jarraituko al du?
Aurten tirada gehienetan nirekin etorri da eta gustora egoten da botta-botta esanez, harro-harro eginda. Gainera zortea ematen dit. Hura etortzen denean lortzen ditut emaitzarik onenak.
2009 denboraldia:
- Gipuzkoako bikotekako Txapelketan Antonio Minerrekin (aita) 2. postua.
- Gipuzkoako Kopa
- Erregularitate Txapelketa
- Bolari Onena Saria
- Euskal Herriko Txapelketan 12garren postua.