amabirjin eguna da gaur ,eta atzo hasitako jaiei ederki jarraituko diete Goizuetan. Goizean goiz, 07:00etan ekingo diete jaiei Tolosako dultzaineroen dianarekin. Ordu bete beranduago entzierroa izango da.
Meza eta prozesioa goizean
Meza nagusia ere izango da 10:30etan eta ondoren, urtero bezala, prozesioa Amabirjinarekin. Eguerdian, kaleak pixka bat girotzeko, herriko txistulariak ibiliko dira erraldoi eta buruhaundiekin.
Lehen mailako afizionatuen pelota partidua
Pelota ere ez da faltako gaur, lehenengo mailako afizionatuen arteko partidua izango da, 12:30etan. Yoldi-Lintzoain eta Larrañaga-Galarraga izango dira aurrez aurre. Ondoren, Igandea txaranga irtengo da kaleetan zehar.
Zezenetatik bertsotara
Arratsaldeko 18:00etan zezenen txanda izango da berriz, eta baita herriko ausartena ere. Ilunabarrean, berriz, lasaiago ibiltzeko aukera izango da bertsosaioa entzunez. 20:00etan izango da.
Presoak gogoan
Ondoren, Umore-Ona elkartean, afari herrikoia antolatu dute, euskal presoen alde. Afaldutakoan, dantzatzeko abileziak agerian uzteko ordua izango da Laiotzekin. Igandea txaranga ere bertan ibiliko da herria girotzen. Gaueko 01:00etan, presoak gogoan izango dituzte berriz, presoen kalejirarekin. Ondorenean izango da dantzan jarraitzeko aukera.