aurtengoz bukatu dira jaiak Santiomendin. Mus txapelketarekin ostiralean hasi, eta atzo esan zieten agur, bero eta giro ederrarekin. Sagardo dastaketak eta abere-demak jendea inguratu zuten auzora, eta askok arratsaldera arte luzatu zuen egonaldia. Dema Azkonobietak irabazi zuen, Paollaren aurretik.
Larrarten auzo-bazkaria izan zuten ondoren. Kanpotik berotu beharrik ez, eta bazkaritan barrua berotu, eta plazara atera ziren berriz, auzotarren arteko herri-kirolak ikustera. Tartean, Xapre eta Joxe Antonio zaldibitarrak jo zuten trikitia, gogotik.
Lehian, 2 taldetan egin zituzten lanak (aizkora, lokotx biltzea, harri-jasotzea eta txingak): batean, Larra, Heiko, Suharri eta Unai aritu ziren; bestean, Larrabide, Egoitz, Beñat eta Gorka. Azken hauek izan ziren bizkorrenak, baina benetan nagusitu zena festa giroa izan zen atzo.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!