jai txikiak izan arren, ez dute haundien inbidiarik izateko arrazoirik Astigarragako Santiomendiko auzoko jaiek. Hala dela ikusteko, gaur bertara gerturatzea besterik ez dago, jaiak atzo hasi baziren ere, gaur izango baita egun potoloa. Goizeko 09:00etatik ilunabarrera arte ez da ekintzarik faltako.
Diana eta oilasko biltzea goizean
Dianarekin esnatuko da festarako giroa 09:00etan, eta baita oilasko biltzaileen kalejirarekin ere, ordu berean izango baita. Orduerdi beranduago, berriz, toka izango da.
Sagardo dastaketa ederra
Eguerdian, sagardo freskoa edateko aukera izango da egingo den dastaketan. Gainera, edan bakarrik ez, jateko aukera ere izango da, txorizo eta patata tortilaz lagunduta egongo baita sagardoa. Ordu berean hasiko da zaldi dema. Paolla eta Azkoneta ariko dira.
Bazkaria Larrarten
Zaldi dema bukatzean, bazkaltzeko ordua izango da eta auzotik mugitu ere egin gabe bazkari ederra egiteko aukera izango da. Larrarte sagardotegian antolatu dute auzo bazkaria, 14:00etan.
Arratsaldeko 18:00etan herri kirolak egingo dira auzotarren artean eta horiek bukatuta, umeen txanda izango da. Jolasak izango dituzte eta, ondoren, indarrak berreskuratzeko merienda.
Ekintza horiez gain, trikitilariak entzun ahal izango dira egun guztian zehar, Santiomendi auzoan.