HERNANI Institutuak ohiko eskaintza arautuaz gain, ikastaro mordoa eskainiko du aurten ere, besteak beste, Ekipo eta Instalazio Elektroteknikoak ikastaroa, erdi mailakoa, eta goi mailako ikasketak egiteko egin behar den sarrera froga gainditzeko ikastaroa. Horiez gain, langabetu eta langileei eskainitako formazio ikastaro ugari ditu, asko diruz lagundutakoak.
Elektrotek Instalazioak
Ikastaroan Instalazio Elektroteknikoak titulazioa lortzeko bete beharreko zikloko moduloak ematen dituzte. Zikloa bukatuz gero, dagokion titulazioa lortzen da dagozkion mailako instalazioak egiteko.
Bi modulo eskainiko dituzte: bata, Elektroteknia, hilaren 17an hasi eta abenduan bukatzeko, eta bestea, Barne Instalazio Elektrikoak, urtarrilean hasi eta ekainean bukatzeko.
Ikastaro hauek egiteko Derigorrezko Bigarren Hezkuntza egina behar da izan, edo Batxillerra edo Lanbide Heziketako lehenengo maila; horrez gain, erdi mailako zikloetan sartzeko froga gainditua behar da izan.
Ikastaroa astelehenetik ostegunera izango da, arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara. Izen ematea irekia dago eta hilabete osoan luzatuko da.
Goi mailako zikloetan sartzeko froga prestatzeko
Hernani Institutuak eskaintzen duen beste ikastaroa da goi mailako zikloetan sartzeko froga gainditzeko formazioa. Horretarako izen ematea ere irekia dago eta hilabete osoan luzatuko da. Bete beharreko baldintzak dira, 18 urtetik gorakoa izatea eta erdi mailako ziklo bat egina izatea.
Langileak hobetzen
Langile jendeak, baita langabetuek ere (Lanbiden agiria eskatuta), beren burua gehiago prestatzeko ikastaroak ere badira. Esate baterako, Fabrikazio Mekaniko arloan, Mekanizatu Teknikak ikasteko 60 orduko ikastaroa dago; Elektrizitate eta Elektro arloan berriz, antenak nola jarri eta mantentzen ikasteko 40 orduko ikastaroa dago.
Ikastaro hauek hilabete bukaeran hasiko dira eta astelehenetik ostegunera izango dira, 17.30etatik 20:30etara.
Langabetuak hobetzen
Langabetuentzako ikastaroak ere badira, esate baterako, Elektrizitateko Instalazioak egiten ikasteko. 220 orduko ikastaroa da, otsailetik aurrera emango dute, astelehenetik ostegunera, arratsaldez, eta ez da titulo berezirik behar.
Ikastaro bereziak
Bestelako ikastaro mordoa ere eskaintzen du institutuak: enpresentzako propio prestatutako ikastaroak, eraikuntzan aritzen diren langileentzako lan arriskuen prebentziorako titulua lortzeko eta abar.
Izena emateko
edo informazioa eskatzeko
Informazioa nahi izanez gero, institutura joan daiteke (K. Labaka), 943 551 188 zenbakira deitu daiteke edota www.hernanibhi.com orrian begiratu daiteke.