San Roke egunaz gozatzeko nahikoa aukera izango da Aranon eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 16a, 02:00

Meza, bazkaria eta txistu doinuekin ospatuko dute San Roke eguna gaur aranoarrek, eta bertara hurbildutakoek.

SAN Roke eguna ospatzea urteroko hitzordua izaten da aranoar askorentzat, tradizio haundia duen festa baita. Egunari hasiera txistulariek emango diote, goizeko 10:15etan izango den txistulari kontzentrazioarekin. Aranon, San Roke egunean, txistuak presentzia haundia izatea aspaldiko kontua da; hain zuzen, Antsorena eta Zubillaga txistulari hernaniarrak oinez joaten zirenekoa, txistua joaz.

Kanpai hotsek meza abisua zabalduko dute

Txistularien emanaldiaren ondoren, goizeko 10:30etan, San Martin parrokiko kanpai hotsak meza abisua zabalduko dute Aranoko herrian zehar; meza goizeko 11:00etan hasiko da. Urteroko moduan, Arano inguruko herrietatik jendea ingura­tzea espero dute. Meza ostean, pelota partidua izango da Aranoko frontoian. Partiduan Julen Etxenike eta Jon Ander Elortzak osatutako bikoteak, Ander Lopez eta Jon Etxegoienen kontra jokatuko dute. Partidua bukatu bezain laister, aurreko lanari heldu, eta txistulariek kalejira egingo dute Aranoko kaleetan barrena.

Herri bazkaria Kontsejuan

Indarrak hartu eta arratsaldeaz behar bezala disfruta­tzeko, herri bazkaria izango da eguerdiko 14:30etan Kon­tzejuan. Bazkalostean, Aranoko Mar­txa interpretatuko dute; Patxi Ape­zetxea txistulariak eta Xabier Lega­rreta bertsolariak egindakoa. Arratsaldean txistularien txanda izango da berriz ere, 19:00etan abiatuta, kalejira egingo dute Aranoko kaleetan barrena. Egunari bukaera Agur Jaunak kantatuaz emango diote.

Egitaraua
10:15 Txistulari kontzentrazioa.
10:30 Meza abisua eta txistulariak
11:00 Meza ermitan
12:00 Pelota partidua
13:30 Txistulari kalejira
14:30 Kontzejuan bazkaria
19:00 Txistulari kalejira
20:00 Agur Jaunak abestuz agurra


Santiomendi tontorrean izango dira meza, dantza, trikitilariak, betizujana, bertsolariak eta erromeria.

URTE askotako tradizioari hutsik egin gabe, San Roke eguna ospatuko dute gaur Astigarragako Santiomendin. Urteroko moduan, aurten ere ez dira faltako meza, Astigar dantza taldearen emanaldia eta bertsolariak.

Meza Santiomendiko ermitan

San Roke eguna zita garrantzitsua izaten da eliztar askorentzat. Meza hasi aurretik, giro berezia izaten da San­tiomendiko ermitaren bueltan, bertan biltzen baitira, tradizioz, urtean behin elkar ikusten duten asko. Inguruko herrietakoak ere badira bertara gerturatzen direnak, besteak beste: Herna­nikoak, Ere­ño­tzukoak, Donostiakoak, An­doain­goak, Astigarragakoak, Oiar­tzun­­goak eta Errenteriakoak.
Meza goizeko 11:00etan izango da, baina ermita txikia dela kontuan izanda, asko dira ordua baino lehenago sartzen direnak. Beste askok berriz, urteroko moduan, ermita kanpokaldetik entzungo dute meza.

Dantza emanaldia eta bazkaria

Meza entzun ostean, egun pasa polita egiteko aukera izango da Santiomendiko tontorrean; 11:30­etan Astigar dantza taldearen emanaldia izango da. Aurtengoan gainera, bertan bazkaltzeko aukera ere izango da, goizean goiz hasita betizua erreko baitute, 14:00etan bazkaltzeko puntu-puntuan izatean.

Arratsaldean bertsosaioa eta erromeria
Bazkalostean doinu-hotsa izango da nagusi,  arratsaldeko 16:00etan hasita bertsosaioa izango da, eta segidan, eguna dantzan amaitzeko, erromeria izango da Alaiki musika taldearekin.

Egitaraua
11:00 Meza ermitan.
12:00 Astigar dantza taldearen
emanaldia.
Ondoren Trikitilariak
14:00 Betizu jana (bertan egina)
16:00 Bertsolariak
17:00 Alaiki musika taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!