Roger Muraro pianojolea izango da bihar Chillida-Lekun, Musika Hamabostaldiaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 15a, 02:00

CHILLIDA-Lekuko parajeek artea eta musika uztartzeko baliabide ezin hobeak dituzte. Bihar esaterako, bertara hurbiltzen direnek, arteaz gozatzeaz gain, Roger Mu­raro pianojolea entzuteko aukera ere izango dute, Donos­tiako Mu­sika Ham­a­bos­ta­ldiaren barruan. Murarok piano txapelketa garrantzitsuak irabazi ditu, esaterako Tchaikovsky eta Franz Listeko txapelketak. Bi­harko kontzertuan Ravel musikariaren obra interpretatuko du, bere musika inpresionista oinarri hartuta. Guz­tira Ravelen 18 abesti interpretatuko ditu. Piano­jolea ikusi nahi dutenek, aukera izango dute, bi saio izango baitira: aurrenekoa arratsaldeko 18:00etan, eta bigarrena arratsaldeko 19:00­etan. Sarrerek 10 euro balio dute.

Musika eta olerkiaren arteko elkarrizketa
Musika Hamabostaldiaren barruan, Chillida-Lekun beste bi kontzertu ere izango dira. Hurrengoa datorren asteburuan izango da, hilaren 23an. Bertan, musika eta olerkiaren arteko elkarrizketaz gozatzeko aukera izango da, Judith Jauregi pianojolearekin eta Kirmen Uribe olerkariarekin. Judith Jau­regik interpretatuko ditu, besteak beste, Ravel, Al­beniz eta Bartok musikarien obrak. Momentu berean, Kirmen Uribek errezitatuko ditu Unamuno, Lauaxeta, Orixe eta Li­zardiren poemak. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, 10 euroan.

Mena hilabete amaieran
Hamabostaldiko azken kon­tzertua, Chillida-Lekun, Car­los Mena kontratenorearena izango da. Emanaldian, Carlos Menak lagun izango du taulagainean Susana Garcia de Salazar pianojolea. Kontratenorearen berezitasun nagusia da ahots nahastezina duela, eta hortaz oso ezberdinak diren lanak jorra ditzakeela. Abuztuaren 30eko kontzertuan, besteak beste, honako lanak interpretatuko ditu: Aita Donostiaren Euskal Preludioak, Isaac Albenizen Otoiz eta Zambra, eta Enrique Granadosen Quejas o la maja y el ruiseñor. Kontzertua hilaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrerak 10 euro balio du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!