Lizara – Cadanchu – Bious-Artigues, Sarrioen eremuetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 14a, 02:00

MENDIRIZ Mendik irailean irteera egingo du Li­za­ra (Espainia) eta Bio­us-Artigues (Fran­tzia) bai­laretan barrena. Bailara Circo de Olibón barruan kokatzen da eta azken glaziazioko glaziarrek sortutakoa da. Zintzilikatuta dagoen bailara da eta glaziar jatorria duenez ´U` forma du. Antzinan laku glaziarrez beteta zegoen, baina gaur egun laku horiek kolmatatuta, sedimentuz beteta daude. Hala ere, eremu hauek ur eta hezetasun asko dute oraindik eta turbera izeneko ekosistema bitxia osa­tzen dute. Bertako flora eta fauna endemiko da. Espezie ugari bitxiak dira eta batzuk, anfibioak gehien bat, desager­tzeko zorian daude. Circo de Olibón delakoa osa­tzen duten mendietako arroketan toles ikusgarriak beha daitezke. Iberiako eta Eurasiako plaka kontinentalen arteko talkaren arrastoak dira.


Fauna eta flora ugari
Inguru hauetan, udaran, arrunta izaten da sarrioak (Rupicapra rupicapra) ikustea eta hortik datorkio izena bailarari. Sarrioa Pirineoan aurkitzen den basahuntza da. Guztiz belarjalea da eta Europa eta Espainiako beste eskualdetan dauden sarrio arraza desberdinekin batera espezie bakarra osatzen dute. Beste an­tzeko ugaztunetan gertatzen ez den bezala, sarrioek ez dituzte adarrak galtzen. Bai emeek, bai arrek adar iraunkorrak dituzte. Beraien habitatak dira 1.500 eta 2.500 metroko altueran kokatuta dauden soro eta belardiak, baina udaran, beroak jotzen duenean, altuera handiagoetara igotzen dira freskotasunaren bila. Ibilbidea ere Ibon de Estanes albotik igarotzen da. Iboia Espainian kokatuta egon arren, bere kudeaketa eta erabilera hidroelektrikoa frantziarrek egiten dute. Hala ere, iboietako urak erakargarria dirudien arren, bertan bainatzea arrisku­tsua izan daiteke. Termoklina dela eta, udaran, iboiaren ur-geruzaren gainazaleko zatia, metro bat inguru, epel-epel egoten da. Baina hortik behera urak oso hotza egoten jarraitzen du. Norbait, gainazaleko tenperaturak animatuta, uretara botatzen bada, ur oso hotzarekin topo egingo du; eta aldaketa bortitz batek hidrokuzioa sor dezake.

Pirineotako gailur bitxienetako bat
Bigarren egunean, ia ibilaldi osoan, Pic de Midi d´Ossau (2.884 m) alboan izango dugu. Pic de Midi d´Ossau pirineotako gailur bitxienetako bat da. Bere profil berezia dela eta urrutitik ezagutzen da. Jatorriz sumendi baten tximiniaren arrastoek osatzen dute mendia. Bere garaian sortu zen Iberiako eta Eurasiako plaken talkaren ondorioz, eta itzali ondoren, kanpo eragileek sumendia higatu eta, tximini barruan solidotutako magma agerian utziz, mendia sortu dute. Mendi honek betidanik erakarri ditu mendizaleak. Kronikek diotenez Cayet Palmer, Plame-ko jauntxoa, izan zen gailurra lortu zuen lehena 1591. urtean. Hala ere igoera hori kondaira modura hartzen da eta ongi dokumentatutako lehenengo saiakera Aix-eko obispoa zen Foix Candalek eginikoa izan zen. Nahiz eta espedizioa ongi prestatutakoa izan ez zuen lortu gailurrera igotzea. Askoz beranduago, 1787. urtean, Aspe bailarako artzain batek lortu zuen lehenengoz gailurra. Bere balentria eta azañaren froga gailurrean harriekin egin zuen meta erraldoia izan zen. Kronikek diote bailaratik ere ikusten zela. Guillaume Delfau izan zen urte batzuk geroago (1797an) gailurrera igo eta harrizko meta hori baieztatu zuena. Bide arruntean, zailak ziren zatietan, burdinazko klabijak ipini zituzten XIX. mendearen amaieran. Geroa­go, XX. mendeko 60. hamarkadan, segurtasuna haunditzeko, klabijak kendu eta bidea eskaladako ekipamendu mo­der­noarekin hornitu zuten. Hala ere, istripu larri ugari izan dira eta kontuz ibili behar da mendi hau igotzerakoan.


Ibilbidearen deskribapena
Aurreneko egunean, Lizarako aterpetik irten eta GR11 jarraitu behar da, Bisaurin aldera. Metro batzuk igo ondoren, bidea utzi eta eskuinera egin behar da. Artzainentzako prestatutako aterpe txiki eta borobil baten albotik igaro ondoren, bailara estu batetik gora egin behar da. Plana Mistresa-ko lautadara (1.980 m.) iristekotan gaudela jakingo dugu, beste aterpe baten ondotik igarotzerakoan (Caseta de Forestales, 1.975 m). Lautada honetan eta Valle de los Sarrios delakoan, ganadu asko izaten da. Bideak eskuinera jotzen du. Igoera labur batean Plana Mistresa eta Valle de los Sarrios bailara banatzen dituen lepora iritsiko gara. Bertan, gure eskuinean, apur bat ezkutatuta, Ibon Viejo izeneko iboi txikia aurkitzen da. Valle de los Sarrios-era jaitsi eta guztia zeharkatu behar da. Bailara irteeran aldapa txiki bat igo ondoren aurrez-aurre Ibon de Estanes agertuko zaigu. Iboira jaitsi eta leku aproposa izango da hamaiketakoa egiteko. Indarrak berreskuratu eta gero Candanchuko bideari ekin behar zaio. Horretarako, hasieran GR11ren markak jarraitu behar dira. Apur bat aurrerago bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrera egin eta berehala Sansanet-eko basoan sartuko gara. Pagadi polit honen barrena behera egin behar da. Tartetxo batean basotik irtengo gara eta beste bidegurutze batekin topo egingo dugu. Oraingoan eskuinera egin behar da. Berriro ere basoan sartuko gara eta bi zubi, bata egurrezkoa besta burdinazkoa, igaro ondoren Sansanet-eko parkingera iritsiko gara. Ibilaldia amaitzeko Candanchura igotzea besterik ez zaigu geratzen.


Bigarren egunean Bious-Artigues-eko laku ikusgarrira
Autobusak Astunera (1.700 m) hurbildu ondoren, bideari ekingo diogu. Ipar aldera jo behar da eta Barranco de Escalar bailaratik igo. Ibon de Escalar edo Ibon de Las Ranas-era (2.080 m) iritsi baino lehenago zati malkartsu bat igo behar da, baina ez da oso zati luzea. Iboia bere eskuin aldetik zeharkatu eta Collado de los Monjes edo Puerto de Jaca (2.170 m) aldera egingo dugu. Hona iritsi eta gero, bidezidorra jarraituz Pic de Moines eta Punta l´Escalar gailurrak banatzen dituen Bénou lepora iritsiko gara. Lepotik apur bat jaitsi eta azken kresta igo behar da. Bidean atzera egin eta Collado de los Monjes lepora itzuli behar da. Hemendik bide guztia maldan behera da. Castérau iboi albotik pasa ondoren ( 1.943 m ), aldapa bat jaitsi eta gero, Gave de Bious bailarara iritsiko gara. Ezkerrera egin behar da eta bailara bere amaieraraino jarraitu. Baso txiki bat zeharkatu ondoren amaiera gertu dugu, Bious-Artigues-eko laku ikusgarria. 

DATU INTERESGARRIAK

Distantzia: 35 km.
Denbora:
 5-6 ordu egunero.
Desnibela: 
 600 m (1go eguna).
 450 m (2garren eguna).
Zailtasuna: zailtasun
berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: 
mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik
Irailaren 12 eta 13an egingo da irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!