Amabirjinetan argazki erakusketa izango da, Umore-Ona peñak azken mende erdian izan duen ibilbidea erakutsiko duena

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 14a, 02:00

Peña batek 50 urte ez ditu egunero betetzen, eta horregatik, Umore Ona peñari aipamen berezia egin nahi diote aurten Goizuetan. Aurreneko ospakizuna ekainean izan zuten, kontzertua eman zuten Umore-Ona abesbatzak, Ere­ño­zuko Ozenkik eta Do­nez­te­beko Mendik. Ho­rrez gain, aurtengo Amabir­jinetako protagonistak era izango dira, batez ere, sortzaileak. Juan Antonio Lekuona goizuetarrak ere, aurten argitaratu du Peñaren historia azaltzen duen liburuxka. Ospakizun guzti hauen bueltan, argazki erakusketa izango da antolatu dute Goizuetan; elkartearen azken 50 urteak ikusteko aukera emango duena.


Herritarren laguntza ezinbestekoa
Antolatzaileen esanetan, erakusketarako argazkiak biltzeko garaian, herritarren lagun­tza ezinbestekoa izan da. Maiatzean argazkiak biltzeko deialdia egin zuten kalean zehar kartelak jarrita eta Ttipi-Ttapa aldizkarian eskatuta. Modu honetara, jendearen erantzun zabalari esker, guztira 600 argazkitik gora lortu zituzten. Hala ere, denboraren eraginez kaltetuta zeuden ba­tzuk. Guztietan onenak aukeratuta, 500 bat argazkirekin osatu dute erakustaldia; gaur hasiko da eta festak bukatu arte iraungo du. Argazki gehienak Ikasto­lako Tabernan egongo dira ikusgai, baina Goizuetako gainontzeko tabernetan ere ikusteko aukera izango da. Beraz, tragoa hartu bitartean, denboran atzera salto egin eta Umore-Ona Peñak azken 50 urteetan egin duen ibilbideaz gozatzeko aukera izango da.


Pankartak zaharrak ere ikusgai
Urteetan zehar Peñakoek erabili izan dituzten pankartak ere ikusgai izango dira aurtengo Amabirjinetan. Argaz­kiekin gertatu den bezala, hauek ere kalitatea galtzen joan dira denboraren poderioz. Horregatik, Peñaren hasierako urteetakoak ezin izango dira erakusketan ikusi. Hala ere, antolatzaileek Kro­nikari adierazitakoaren arabera, 90garren hamarkadakoak egoera onean mantendu dira eta batzuk herrian zehar jarriko dituzte, bertara hurbiltzen diren guztiek ikus ditzaten. Herriko plazan esaterako, 1991garren urteko pankarta bat jarriko dute; soziedadean berriz, 1996. urteko bat izango da ikusgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!