azken aldian, Epele edo Osiñaga inguruetan ibili dena konturatuko zen zer edo zer haundia egiten ari direla. Izan ere, inguruko belazeetako lurra altxata eta tuberiak, kamioiak eta gruak nonahi ikusi daitezke. Naturgas enpresa bi obra haundi egiten ari da Hernanin, eta Kronikak beraiengana jo du informazio gehiagoren bila. Batetik, Bergaratik Irunera gas naturala garraiatzen duen sare nagusia berritzen ari da. Tartean, Hernanitik pasatzen da eta Epele inguruan orain egiten ari diren lanak horren eraginez dira. Bestetik, herriko enpresa batek eskatuta, gas-hodi berria ari dira pasatzen Pardiolatik Eziago poligonora eta, ondorioz, Osiñaga auzoa obretan dago.
Sare nagusia haunditzen
Aitor Bolinaga Naturgasen Eraikuntza Proiektuko arduradunak Kronikari azaldu dionez, gero eta gehiago dira gas naturala erabiltzen dutenak, gero eta eskari gehiago dago, eta orain arteko eskaintza motz geratzen ari da. Hori dela eta, herri ezberdinetara gasa garraiatzen duen sare nagusi hori berritzen ari da Naturgas.
Gas kopurua garraiatzeko gaitasuna haunditu nahian, orain arte erabilitako gasoduktoaren diametroaren tamaina baino haundiagoa duen hodia sartzen ari dira. Orain artekoa 16 pulgadakoa izan da eta berria 26koa izango da. Gas naturalaren eskariari erantzungo dio aldaketak Bolinagaren esanetan.
Hodiaren bidea orain artekoaren berdina izango da eta haren ondo-ondotik ari dira sartzen berria.
Hernaniri eragiten dion zatia Tolosa-Errenteriakoa da. Zati hau egiten uztailean hasi ziren eta urtebete iraungo dute lanek. Zati honek 35 km inguru ditu eta inbertsioa 22 milioi eurokoa izango da.
Hernaniko enpresa baten
eskariz hodi berria
Sare-nagusia berritzeaz gain, Pardiolatik Eziago poligonora hodi berria pasatzen ari dira Naturgasekoak. Lan hau bezero duen herriko enpresa batek eskatu dio Naturgasi Bolinagak azaldu duenez.
Lehen esan bezala, industria guneetara, Larregainetik ateratzen den hodiak eramaten du gasa eta 16 bar-eko presioan iristen da. Enpresa horrek, ordea, presio haundiagoa behar du bere lanerako. Sartzen ari diren hodi horrek 59 bar-eko presioan bideratuko du gasa.
Pardiolan Erregulazio eta Neurri Estazioa egingo da eta sare-nagusiko gasaren presioa han jaitsiko da 72 bar-etik 59ra. Eziagoraino iritsiko den hodi horrek 2,5 km-ko luzera izango du eta 2 milioi euroko kostua. Tamainari dagokionez, 8 pulgadako hodia da. Urrirako bukatuko dela aurreikusten dute.
Urumea zeharkatzen
Aurretik egin bezala, bai sare-nagusiak bai hodi berriak urumea zeharkatu behar dute. Ibaia ukitu gabe, azpitik zuloa egin eta bertatik pasatzen da gas-hodia. Orain egiten ari diren obretan, gainera, sistema berria erabiltzen ari dira Bolinagak azaldu duenez. Zehatzagoa izango da. Urumea azpitik Eziagora pasako den hodiak 160 metroko luzera izango du.
Ingurugiro legeak
Bolinagak azaldutakoaren arabera, ingurugiroari egin diezaioketen kaltea kontuan izan behar dute eta horretarako baimena eskatu. Deklarazio bat egin behar izaten da obra horrek ingurunean kalterik egingo ez duela ziurtatuz.
Esaterako, ingurugiro legea jarraituz, Epele-erreka zeharkatzeko aukera abuztuan eta irailan bakarrik izaten da eta orain ari dira zeregin horretan.
Osiñagako etxeetara ezin
Osiñagako etxebizitzetara ez da gas naturalik iristen eta halako obrak egiten ari direla ikusita, agian batek baino gehiagok pentsatuko du aukera izango dela etxe horietara gasa bideratzeko. Bolinagak, ordea, argi azaldu dio Kronikari ez dela horretarako. «Osiñagan etxebizitzak oso sakabanatuta daude eta ia etxe bakaitzeko hodi bat sartzea oso garestia litzateke».
Oraingoz, beraz, Osiñagako auzotarrek itxaron egin beharko dute.