astigarragako Santiomendi auzoa jaietan murgilduko da bihar. Gaueko 22:00etan ekingo zaie jaiei mus txapelketarekin. Partaide bakoitzak 12 euro ordaindu beharko du. Lehenengo lau bikoteentzat izango dira sariak.
Larunbatean egun haundia
Goizeko 09:00etan dianarekin eta oilasko biltzearekin esnatuko da jaigiroa larunbatean. Ordu erdi beranduago, berriz, toka izango da eta eguerdian, sagardo dastaketa txorizo eta patata tortilaz lagunduta. 12:00etatik 14:00etara zaldi deman arituko dira Paolla eta Azkoneta.
Auzo bazkaria Larrarten
Zaldi demak bukatuta, auzo bazkaria egingo da Larrarte sagardotegian, 14:00etan. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. Herri kirolak antolatu dituzte 18:00etan. Auzokoen artean jarriko dute saltsa. Herri kirolen ondoren, umeen txanda izango da. Izan ere, umeentzako jolas ezberdinak egingo dituzte eta baita merienda ederra ere.
Aipaturikoaz gain, trikitilariak ibiliko dira egun osoan zehar festa girotzen. Igandean jai giroak jarraitu egingo du San Roke egunarekin.