Peñaren bilakaera ezagutu nahiean, Umore-Ona gertutik ezagutzen duten hiru goizuetarrengana jo du Kronikak: Jose Anton Elizegi, sortzaileetako bat; Juan Antonio Lekuona, elkarteko lehendakari ohia, eta Ibon Elizegi, egungo lehendakaria.
Festa-giroa gehitzeko
1959. urtean hasi zen guztia. Festa-giroa gehitzeko zerbaiten bila ari zirela, Pedro Mª Aizkorbek peña bat sortzeko proposamena egin zuen. Iruñean bizi izan zen urte mordoxka eta bertako peña bateko kide izan zen. Gerora, Goizuetara itzuli eta herrirako antzeko zerbait egin nahi izan zuen.
Hala, 16 lagun bildu ziren eta instrumentu bana hartuta, kalez kale festak alaitzeko helburuari ekin zioten. Sortzaileen artean Jose Anton Elizegi zegoen. Txindak jotzen zituen eta 1961etik aurrera Peñako kontuen arduraduna ere izan zen. Gainera, bera da bakarra parte hartzen jarraitzen duena Peña sortu zenetik gaur arte. 26 urterekin hasi zen eta aurten, 76kin, kalez kale ibiliko dela aitortu dio Kronikari. Horretaz gain, bera izango da itxaferoa botako duena. Azaldu duenez, oraindik ez du diskurtsorik prestatu, baina ‘oihuren bat’ botako du.
1960ko Amabirjinak izan ziren Umore-Ona Peñak girotu zituen lehenengo festak. Jose Antonen hitzetan, «nahiz istrumentu gutxi izan, arrakasta haundia izan zuen hark. Ordutik 50 urte pasa dira, eta Peñak hor jarraitzen du, baina elkarte moduan, eta askoz ere kide gehiagorekin. Gaur egun, Peñarik gabe ezin dira Amabirjinak ulertu»
1984an elkarte bihurtu zen
Juan Antonio Lekuonak azaldutakoaren arabera, «Peñak etapa diferenteak izan ditu». Sortzaileak festak girotzeko asmoz hasi ziren. Hala, lehenengo zazpi urteetan Peñaren eginkizuna festetako lau egunetara mugatzen zen. Gerora berriz, herrian gauza gehiago eta berriak egiteko beharra somatzen hasi ziren. Gainera, denborak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago ziren: 1965ean 45 partaide, 1975ean 59, 1983an 110...
Gauzak horrela, Umore-Onak urtean zehar ekintza gehiago antolatzeko ardura hartu zuen. Juan Antonio Lekuonak dioenez, «kultura aldaketa bat eman zen eta elkarte baten beharra somatzen hasi ziren. 1978an zinegotzi eta Alkatearekin harremanetan jarri ziren, eta lehen pausuak eman bazituzten ere, 1984ra arte ez zen elkarte bihurtu».
Pausu haundia izan zen; izan ere, formalitatea gehitzeaz gain, aldez aurretik ez zeukaten lokala eskuratu zuten. Gainera, aukera eman zieten guztia hobetko kontralatuko zuen araudia zehazteko.
Gaur egun, elkarteko diru iturri nagusiak ondorengoak dira bazkideen urteko kuotak; asteburetan ibiltzen den jendeak utzitakoa; Udalaren diru-laguntza; eta Ikastolako Tabernatik ateratakoa.
Elkarteak gaur egun
249 bazkide ditu
Gaur egun, 249 bazkide ditu Umore-Ona Elkarteak. Gainera, peñaz gain, pelota eskola, abesbatza eta beste hainbat adar ere baditu. Hala, Ibon Elizegik aitortuta, «elkartea indartuz doa».
Bestetik, elkarteak geroz eta bazkide gehiago baditu ere, Peñak indarra galdu duela azaldu dute hiru goizuetarrek: «Lehen, Amabirjinetako egun guztietan kaleak kolorez janzten ziren; izan ere, denek eta egunero jazten zuten Peñaren jantzia. Hala, blusa berdea eta zapi gorria edonon ikusten zen. Gaur egun berriz, Peñaren egitekoa Peñaren egunera mugatu eta gazteek egun horretan bakarrik jantzi ohi dituzte blusak. Denborak aurrera egin ahala, ohitura batzuk aldatu egin direla konturatu gara, baina Peñari indar gehiago eman nahi diogu. Goizuetara hurbiltzen diren guztiei, blusa berdea janzteko gonbitea zabaltzen diegu».