HERNANIKO Kiroldegian ikastaro gehienak berehala hasiko direnez, hau da, irailean, dagoeneko zehaztu dituzte ordutegiak. Ikasturte berrian, 2009-2010ean, zazpi ikastaro izango dira aukeran: Pilates, Bosu-GAP, Aerobik, Body-Training, Ciclo-Indoor, Indoor-Walking eta Mantentze Gimnasia. Azken hau izan ezik, beste guztiak astelehen eta asteazkenetan, eta ostegun eta ostiraletan izango dira. Mantentze Gimansia berriz, astearte eta ostegunetan izango da. Aipatutako ikastaro guztiak goiz edo arratsaldez egiteko aukera izango da.
Ostiraletan beste ikastaro bat egiteko aukera
Izena eman duten herritarrek aipatutako egun eta orduetan izango dituzte ikastaroak. Eta hauetaz gain, ostiraletan beste ikastaroren bat egiteko aukera ere izango dute; ikastaro gehigarria. Ostiraletan aukeran izango diren ikastaroak honakoak izango dira: Pilates, Bosu-GAP, Aerobika, Body-Training, Ciclo-Indoor eta Indoor Walkinga. Ostiraletako ikastaro hauetan parte hartzeko, ez da aurretik izena eman beharko. Hori bai, kiroldegiko bazkide izan beharra dago.
Aurten bi ikastaro berri
Ikasturte berrirako, kiroldegiak bi ikastaro berri antolatu ditu: Body Training eta Bosu-GAP.
Body Training-a gihar errestistentzian oinarritutako ariketa saioa da; lan erritmoarekin, pisuarekin eta musikarekin osatzen dena. Emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendutako ikastaroa da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea. Ikastaro honen bidez muskulatura indartu eta definitzen da.
Bosu-GAP ikastaroarekin berriz, besteak beste lantzen dira gluteoak, abdominalak eta hankak. Ikastaro honen helburua da giharrak indartzea eta stress maila gutxitzea.
Modako beste
hainbat ikastaro
Azken harmarkadetan modako ikastaroa izan da aerobika. Hala ere, badira urteen eta ohituren poderioz indarra hartzen ari diren beste hainbat ikastaro, eta horien artean daude Pilates, Ciclo-Indoor eta Indoor Walking-a.
Pilatesa esaterako orain hirurogehi urte baino gehiago jarri zen martxan, baina gurera iritsi dela ez dira urte asko. Pilates ikastaroaren helburua da, giharrak indartzea eta malgutasun haundiagoa lortzea, beti ere gorputzeko bolumena mantenduta. Pilatesa praktikatzeko momentuan gorputz osoa jartzen da martxan, garuna barne.
Ciclo-Indoor eta Indoor Walking ikastaroei dagokienez, izenak berak dioen bezala, bien helburua da normalean kalean egiten den kirola leku itxi batean egitea.
Ciclo-Indoor ikastaroa bizikleta estatiko gainean egiten da, baina bizikleta normala baino aerodinamikoagoa eta mordernoagoa izaten da. Bizikleta gainean kaleko bizikletan egiten diren ariketa berak egiten dira, hau da mendiak igo, karreteran ibili, esprintatu eta abar. Diferentzia da, musikak jartzen duela erritmoa eta leku itxian egiten dela.
Indoor-Walking ikastaroaren helburua da, oinez ibiltzea bizikleta eliptikoa erabilita. Ikastaro honekin ariketa aerobikoa eta dibertsioa uztartzen dira. Ikastaro honetan ere, monitoreak eta musikak jartzen dute erritmoa.